Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Mapak irakurtzeko gaitasuna

Mundu globalizatua da gaurkoa inondik ere, globalizatuak eta globalizatzaileak dira munduan, garai batean konkistatzaileak eta konkistatuak ziren modu berean. Diferentzia zera, orain kontinente berean direla batak eta besteak, herrialde berean bertan ere. Bestela esanda, mundu askotako planeta da Lurra, bestelako astroen kanpoko espazio horretan izan daitekeenean sartu gabe, badaezpada. Amen.

Globala eta lokala, etengabeko tenkan, sarritan talkan, hurbilekoa utzi eta urrunekoa besarkatzeko tentaldian bizitzera behartzen gaituzte inongo lurrean sustrairik ez duten globalizatzaileek. Izan elikagaiak, izan demokrazia… Hortaz, funtsezko osagaia dugu distantzia ibilbide-mapak diseinatu orduko.

Globala eta lokala, merkatua eta azoka. Azoka, distantzia motzeko merkatua. Durangokoa, Kultura 4.0 egunotan. Besteak beste, egutegiak, agendak eta mapak eskura. Mapak, bai, Europatik mugitzeko bidelagun, gaurko iparrorratzak Brusela markatzen baitie katalanei eta Paris euskaldunoi; beti iparrera, hego gizajoa! Kolpea gero! Urrunera joan behar, eta manifestazioak deslokalizatu, distantzia laburren aldeko gure apustuak (subirano izatearen alde, dispertsatua izatearen aurka) globalizatzeko baldintzak irabazteko eta han-hemen trantsizioa ibiltzen laguntzeko.

Gaurko mapak eskura, egutegiaren eta agendaren bitartez biharko mapak desberdinak izan daitezen, marretan eta koloretan diferente; Europan bertan ere, iparrean zein hegoan. Baina jakina, mapak irakurtzeko gaitasuna behar da, eta ez dirudi gure gaurko hezkuntza sistemak hori laguntzen duenik, ebaluazioak ebaluazio. Gaitasuna gaitasun eta sena sen zerrenda bakarra behar da euskararen mapa ulertzeko, politikaren mapan zerrenda desberdinak behar diren moduan. Globalizatzaileak eta globalizatuak izan ez daitezen, inon ez.