GARA
DONOSTIA

Legatzaren kuotaren murrizketekin kezkatuta agertu dira euskal kofradiak

Europar Batzordeak atzo adostu zuen 2018rako %12 jaitsiko duela legatzaren arrantza kuota Europa hegoaldeko uretan eta %7, iparraldean. Aurreikusita zegoena baino murrizketa txikiagoa izan arren, ontzi txikien ekonomian nabarmen eragingo duelakoan daude kofradiak.

Europar Batzordeak legatzaren arrantza-kuota murriztea adostu zuen atzo goizean. Hain zuzen, Europa hegoaldeko uretako arrantza –Kantauri isurialdekoa eta ipar-mendebaldekoa– %12 txikitzea erabaki zen, eta iparraldekoa, %7, hogeita bi orduko negoziaketa baten ondorioz.

Astearte goizean hasi, eta asteazkeneko 7.30 aldera jakinarazi zuten emaitza. %30eko murrizketa aurreikusten zuten arren, azkenean %12an uztea erabaki zuten Bruselan bildutako 28 Arrantza ministroek. Bestetik, iparraldeko uretan ontziratuko den legatz kopurua %19 murriztu beharrean %7 jaistea hitzartu zuten.

Murrizketak nolabait «leundu» egin badituzte ere, euskal kofradiek ez dituzte begi onez hartu. Gipuzkoako arrantza kofradiako lehendakari Eugenio Elduayenek argi adierazi du horien iritzia: «Txikiagotze hauek oso artisaua den sektoreari bete-betean eragiten diote, arrantza-ontzi txikiak dira eta beraien ekonomia ez da hain indartsua. Erabakia ez zaigu batere gustatu, eta ontzi hauek laguntza behar badute lagundu egin beharko zaiela argi eduki behar dugu».

Modu berean mintzatu zen lehendakari bizkaitarra, Iñaki Zabaleta, itsasontzi txikiak legatzaren arrantzaren menpe bizi direla nabarmenduz. Dena den, onartu zuen arrantzaleak pozik agertu direla, «%30eko murrizketa ezartzea espero baitzen».

Espainiaren baikortasuna

Espainiako ministroak positibotzat jo zuen erabakia, ontzidiari zein enpleguari egonkortasuna ekarriko dielakoan. Espainiar Estatuaren kuota 5.923 tonatan geratu da hegoaldeko urei dagokienez; iparraldeko uretan, aldiz, 31.499 tona arrantzatu ahal izango ditu.