Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Bertso-bidea politika-oholtzan

Beti estimatu dut bertsolaritza, behintzat nire buruak denboran atzera egin eta ailegatzen den denbora arte. Estimatu, eta gozatu. Izan ere, pasa den mendean erreferente bihurtu zen bertso-eskolakoa izan nintzen. Sufritu ere egiten nuen, gozatzeaz batera; hortaz, oholtzatik beti nengoen denbora gehiago eskatzen, jartzaileak jarritako gaia entzun eta segituan hamaika ideia bildu eta korapilatzen zirelako nire buru alde horretan, belarrietatik kea atera artio. Eta jakina, ezin ideiok neukan betan ordenatu, artean ez bainekien oso ondo taktika eta estrategia zer zen; egia esan, orain ere, inguruko politikak politika, berdin jarraitzen dut.

Tira, bertsoen harira! Ultzera ere oholtzatik etorri zitzaidalakoan nago, buruko estualdien presioak duodenoan hartzen baitzuen atseden. Baina, dena dela, zin dagit, eta oraingoan ez besteen legearen aginduz, baliagarri suertatu zitzaidala eskolaldiko hura gerora beste oholtza mota batzuetan mugitzeko orduan; hori bai, hitzak musikatu gabe. Bai, soinua eta doinua ziren nire kalbarioa, ez zetozelako bat nire berben silabekin. Ama, ama! Askotan pentsatu dut nire buruarekin batera etorri ziren belarriek eskaini didaten laguntza handiena haizete uneko efektu aerodinamikoa dela, berez ezkoa bera ere apenas eman baitidate.

Baina, zertara etorri da txapa hau? A, bai! Politikaren oholtza gura nuen gaitzat hartu. Arraroa egiten zait, oso, bertsolaritza gozatzen duen politika gai ez izatea bere jardunean atzekoz aurrerako metodoa erabiltzeko. Hain da inportantea gaia emanda, burujabetza soziala, harako bidea ondo josten jakitea! Txikian edo handian baina ondo josia! Entzuleak erakarri! Potoak eta betegarriak izanda ere, azkeneko puntu indartsurako helduleku. Soinu-doinutan 4.0 ere. Mezuaren bidea, perspektiba… Bertso-politika gehiago behar dugu.