GARA
GASTEIZ

Gaixorik diren presoak aske uzteko aldarria, Zaballara

Gabonetako lehenengo martxa egin zuten atzo. Zaballako espetxearen aurrean, Txus Martin eta gaixorik diren gainerako presoak askatzeko exijitu zuten 200 lagun inguruk. Hurrengoa, larunbatean Iruñean.

Kalera Kalera ekimenak deiturik, 200 bat lagunek Subijana herritik Zaballako kartzelarako martxa egin zuten atzo eguerdian. Hormatzar horien atzean dago gaixotasun larria duen Txus Martin preso basauriarra. Honi elkartasuna adierazteaz gain, giltzapean segitzen duten eta eri diren gainerako euskal presoak askatzeko aldarrikapena nabarmendu zen.

Hurrengo hitzordua larunbatean izango da Iruñean, manifestaziora deitu baita. Eta urteko azken egunean, igandean, Basaurira zein Martutenera helduko dira presoen eskubideen aldeko martxa hauek.

«Urratsa izatea espero»

Gaixorik diren euskal preso politikoen artean Ibon Iparragirre ondarroarra da albiste beste behin ere, ostiralean jakin baitzen Auzitegi Nazionalak espetxetik atera eta Arrasateko Aita Menni erietxeko unitate berezi batera eramateko hautua egin duela. «Ez da nahi genuena», adierazi du Iparra Galdu Baik plataformak sare sozialen bidez, honako hau erantsiz: «Espero dugu etxera ekartzeko bidean beste urrats bat izatea, Ibon etxean nahi dugu!»

Bitartean, ostiral gauean elkarretaratze ugari egin zen espetxeratuen eskubideak aldarrikatuz. 270 bildu ziren Gasteizen eta 230, Iruñean. Horiekin batera, Bergaran 45, Zarautzen 165, Amurrion 45, Agurainen 55, Andoainen 40, Galdakaon 72, Beran 15, Lezon 25, Zornotzan 65, Mutrikun 55, Ondarroan 112, Lekeition 92, Deban 45, Getarian 30, Lizarran 32, Ugaon 50, Berriozarren 30, Lazkaon 73, Etxarri Aranatzen 40, Durangon 81, Barañainen 41, Errenterian 121, Donostian 102...