GARA
DONOSTIA

Errege espainolaren diskurtsoa salatu dute EAJk zein EH Bilduk

Kataluniako eta Euskal Herriko nazio eskubideen aurka beste behin ere egitea egotzi zioten EAJk zein EH Bilduk Borboiko Felipe espainiar erregeari, Gabonetako diskurtsoaren harira. Elkarrekin Ahal Duguko Eduardo Maurak, aldiz, zertxobait irekiago ikusi du haren jarrera, herenegungoa «urriaren 3rako espero genuen diskurtsoa»&flexSpace;izan dela adierazi baitu.

Igande gauean Borboiko Felipek emandako diskurtsoan herrien eskubideen kontrako jarrera agertu zuela salatu zuen Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak. Halere, ez zutela besterik espero gaineratu zuen. «Diskurtsoa entzun eta gero, ikusi dugu beste behin ere herritarren arazoei aurre egiteko soluziorik ez duela eman. Urrian jada kokatu zuen Felipe VI.ak bere burua Estatu espainoleko bloke erreakzionarioaren buru, alegia, Estatu espainolean behartuta bizi garen herrion eskubide sozialak eta nazionalak murriztearen alde egiten duen bloke baten buru», nabarmendu zuen Beitialarrangoitiak.

Oraingoan ere antzerako mezua zabaldu duela salatu zuen. «Horretan atzera egin beharrean, okerrak zuzentzeko bidea egin beharrean, are gehiago Kataluniako herritargoak hain argi azaldu duenean zer nahi duen, hori egin beharrean, berriro ere Kataluniako herriaren eskubideak ukatzearen alde egiten du eta ondorioz baita Euskal Herriaren eskubideak ukatzearen alde ere».

Diputatuaren ustez, Borboiko Felipek «Estatua zer den gorpuzten du» eta Kataluniarekin gertatzen ari dena Euskal Herrian ere gertatu daitekeela ondorioztatu zuen, alegia, «155. artikulua, eskubideen murrizketa, herri bezala ditugun eskubide sozial eta nazionalen ukazioa, herritarrek gehiengoz modu demokratikoan erabaki dezaketenaren ez errespetua… azken batean, Estatu antidemokratiko eta autoritarioa gorpuzten du». Hori dela eta, koalizioak uste du «premiazkoa eta beharrezkoa» dela Euskal Herrian gehiengo demokratiko bat osatzea «herri bezala dagozkigun eskubide sozial eta politikoak defendatuko dituena eta euskal errepublikaren bidean urratsak emateko zimenduak jarriko dituena».

Ustelkeria ezkutuan

EAJk ere bide beretik jo zuen, eta Borboiko Felipek Euskal Herriaren eta Kataluniaren naziotasunak existitzen ez diren plantak egin zituela salatu zuen Aitor Esteban diputatuak: «Aniztasunari buruz hitz egiten du, baina ez da hitz generiko horietatik ateratzen, Estatuan dagoen arazoa Katalunian eta Euskadin nazio errealitate batzuk daudela denean».

Era berean, kritikatu egin zuen «1.425 hitzeko diskurtso batean 40 soilik» erabili zituela ustelkeriari buruz hitz egiteko. EAJren ustez, errege espainolaren hitzak «abisu» bat izan ziren eztabaidarako aukera baino.

Podemosek ere ez zuen erregearen diskurtsoa begi onez ikusi. Eduardo Maura diputatuak mezuaren «itsutasuna eta gortasuna» azpimarratu zuen. Honen ustez, Estatuko burua kezkatuagoa zegoen azken 40 urteotako aurrerapausoak aipatzean etorkizunerako erronkei buruz baino.

Hala ere, EH Bildu eta EAJ baino baikorrago agertu zen Kataluniaren gaiarekiko. Izan ere, Maurak aipatu zuen&flexSpace;«adiskidetasunerako eta eztabaidarako» diskurtsoa izan zela urriaren 3koarekin alderatuz, eta tamalgarritzat jo zuen igandeko diskurtsoan esandakoa beste egun horretan esan ez izana. «Bart gaueko hitzak berandu iritsi ziren eta une honetan behar ez den tonu paternalista bat izan zuten», nabarmendu zuen.

Amaya Fernandez, PPko diputatuak, ordea, bestelako iritzia plazaratu zuen. Honen esanetan, «Felipe VI.ak EAJ eta Podemos aholkatu zituen Bilduren lamina kantengatik erakarriak izan ez daitezen, horrek euskal politikan zalantza sortu besterik egingo ez lukeelako».

 

Erreakzioak

«Erregea koherentziaz, zuhurtasunaz, elkarbizitzaz eta konpromiso sozialaz mintzatu zen. Tirabiretan ez dago aurrerabiderik»
AMAYA FERNANDEZ
PP

«Urriaren 3ko diskurtsoak utzitako arrastoa sakona izan da eta orain diskurtso irekiago batekin konpentsatu nahi izan du»
EDUARDO MAURA
Elkarrekin Ahal Dugu

«Felipe VI.a Estatu espainolean behartuta bizi garen herrion eskubideak murriztearen alde egiten duen bloke baten buru da»
MARIAN BEITIALARRANGOITIA
EH Bildu

«Diskurtsoak legea betetzeko abisua zirudien, eztabaidarako benetako aukera bat baino, aniztasuna bezalako hitzez apainduta»
AITOR ESTEBAN
EAJ