Idoia ERASO
BAIONA

Estitxu «Beskoitzeko erresiñola»-ri buruzko dokumental musikala

25 urte beteko dira otsailean Estitxu kantaria hil zenetik eta, urteurrena hurbiltzen ari delarik, haren bizitza eta lanari buruzko dokumentala egin dute Franck Dolosor kazetariak eta Iban Gonzalez zuzendariak. Ezagutu zutenen elkarrizketak, artxiboko irudiak eta abeslariaren kantuak batzen ditu lanak. Hurrengo emanaldia Beskoitzen, kantariaren jaioterrian, eginen da urtarrilaren 27an, eta bertan herriko haurren ahotik entzungo dira abeslariaren kantuak.

Estitxu Robles-Arangiz gogora ekarri nahi izan du Franck Dolosorrek: «Iruditzen zait ez zaiola merezi zuen aitortza eman. Nik ez nuen ezagutu, baina konturatu nintzen duela hogei urte lanean hasi nintzenetik Estitxu aipatzean jende askok oroitzen duela, bere ahots ederrarekin jendearen bihotzetan sartu zela». Zentzu horretan, artistaren izaera eta kalitate artistikoa aipatu zituen kazetariak: «Teknikoki artista bikaina zen, eta gero biziki maitagarria zen; grabaketetan ikusten da, biziki umoretsua, eta karakter handia zuen».

«Biziki gazte hil zen, 48 urterekin, eta bukaeran baztertua bukatu zuen, gainera gaixorik. Guk nahi genion omenaldia egin, eta bere tokia eman», azaldu zuen egileak. Horretarako, familiako kideekin eta ezagutu zuten pertsonekin mintzatu dira. Estitxurekin ikasi zuen bere iloba Naia Robles Arangizekin batera, kantariaren hiru anaia agertzen dira filmean, Iker, Ugutz eta Irkus. Bestalde, Joxemari Iriondo, Maite Idirin, Jaime Otamendi, Mirentxu Purroy, Felix Linares, Martine Bisauta, Gerard Luc eta Juan Carlos Irizar agertzen dira beren oroitzapenak partekatuz.

Testigantzez gain, artxiboko irudiek garrantzi handia dutela baieztatu zuen sortzaileak: «Filmean bere musika entzuten da beti; Frantziako telebistako artxiboekin ere lortu dugu erritmoa eta batasuna ematea. Euskaraz da ia osorik, baina euskara ez dakienak ere posible du ikustea eta ulertzea, musikaren bitartez erraten denari esker».

Musikaren garrantziak «ezohiko» dokumentala egiten duela ere nabarmendu zuen Dolosorrek: «Juan Carlos Irizar eta Gerard Lucek galderei batzuetan beren instrumentuekin erantzuten diete, pianoarekin eta eskusoinuarekin. Alde horretatik, biziki atsegina da, jolasten gara pila bat irudiarekin, soinuarekin eta bere ahotsarekin».

Lotura emateko, protagonistaren gitarra ere baliatu dute eta filmean zehar agertzen da hori. «Bere gitarra Naiari eman zioten, eta berak guri utzi zigun, eta film osoan zehar agertzen da, Estitxuren metafora bat bezala», adierazi zuen.

Aitzindaria

«Pertsonaia aitzindaria izan zen, euskaraz kantatzen, emazte bat, bakarrik gitarrarekin, konplexurik gabe, zeren berarentzat argi zen Euskal Herria zazpi lurraldeak zirela, eta euskaraz aritu zen gehienbat, baina gero aritu zen frantsesez eta gazteleraz ere», erran zuen Dolosorrek.

Dokumentala ETB1en zabalduko da, nahiz eta datarik ez den oraindik. Hori baino lehen emanaldi publikoak egiten ari dira, eta Beskoitzekoaren ondotik, Baionan izanen da otsailaren 7an, Donostian martxoaren 8an eta Hendaian martxoaren 10ean.