Maite UBIRIA BEAUMONT
baiona

Euskal Elkargoak lurralde politika zehazteari emanen dio lehentasuna

Trantsizio urtea amaituta, Euskal Elkargoak erronka berriak ezarri ditu hasi berri den urteari begira. Iragan larunbatean bere Herriarteko Kontseilua bildu ondoren, atzo arratsaldean, Saran eginiko ekitaldian lehentasunak finkatu zituen Jean-Rene Etchegarayk.

Lehen urtemuga beteta –2017ko urtarrilaren 23an eratu zuen biltzarra–, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi bere baitan hartzen dituen Euskal Elkargoak 2018ko urteari begira agiantza-ekitaldia antolatu zuen, atzo arratsaldean, Saran.

Elkargoko kideen eta gonbidatuen aitzinean –Gilbert Payet prefeta eta Isabel Elizalde nafar sailburua– erakundeko buruek 2017ko bilana egin eta hasi berri den urteari begira Elkargoak zehaztu dituen egitasmoak azaldu zituzten.

Lurralde politika erabakitzea izanen da eginkizun nagusia, uda baino lehen eskuduntza mapa zehaztearekin batera. «Guztion etxearen zutabeak ezarriak» direla adierazi ostean, arloz arloko jarduerak aletu zituen Jean-Rene Etchegaray lehendakariak Sarako ekitaldian. Hain zuzen ere, urteko lehenengo osoko bilkuran erakundeko Herriarteko Kontseiluak hainbat erabaki aitzineratu zituen jada iragan larunbatean, bide batez gogoeta batzuk plazaratuz.

Hartara, Garapen Kontseiluari buruzko eratze prozesua finkatu zuen. Egitura horrek orain arte bezala elkarte izaera izatea edo, bere autonomia mugatuz, elkargoaren agindupean ezartzea erabaki behar zen. Azkenik, gehiengo zabalak, orain arteko ibilmoldearekiko errespetuz, «estatutuetan eta osaketa aldetik» egin beharreko moldaketak egin ondoren, elkarte izaerari eustearen alde bozkatu zuen.

Garapen Kontseilua eratzeko hautua defendatu zuen atzo Etchegarayk, eta ziurtzat jo zuen orain arte Garapen Kontseiluaren aurrekontuaren zati bat bere gain hartu duen erakundea, alegia Estatua, ez dela oztopo izanen Garapen Kontseiluaren birmoldaketari ekiteko. Euskal Elkargoa eta elkartearen arteko hitzarmena plantan emateko proposamena lantzeko engaiamendua hartu du Elkargoak.

Klimari buruzko plana

Garapen Kontseilua iraunkortzeko proiektuarekin batera, beste erabaki garrantzitsu bat hartu zen biltzarrean. Hala, urte bukaerarako lurraldeko garapen jasangarriari buruzko egitasmoaren irizpide eta lehentasunak finkatzeko agindua eman zuen Herriarteko Kontseiluak.

Ondoko hilabeteetan, besteak beste, berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa tipitzeko, energiaren xahuketa ekiditeko eta energia iturri garbiak garatzeko asmoak izanen dituzte aipagai, ondorioz, biltzarkideek.

Oroitarazi behar da ur kudeaketari buruzko eskuduntza bere gain hartu ondoren, hiru lurraldeetako zerbitzua abian eman duela urtarrilaren 1ean Euskal Elkargoak.