2018/01/17

Kronika
SANCHEZ ETA CUIXARTEK HIRU HILABETE KARTZELAN
Bakezaleen oihu isila: «¡Llibertat!»

Lasaitasunak eman digu arreta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart aske uzteko eskatzeko ANCek eta Omnium Cultural-ek Bartzelonan antolatutako manifestazioan. Aitzinera egiteko determinazioak eta aniztasunak ere bai. «Bakezaleak gara: askatasuna!» aldarrikatu dute kartzeletara iritsi den isiltasun ozen eta argiaz.

Maider IANTZI
0117_eg_bartzeona

«Atzera begiratu eta pentsatu baino gehiago lortu dugula konturatzen gara. Demokraziak bere bidea topatuko du»

Lelo horixe zuen pankarta nagusiak: “Som gent de pau: llibertat”, eta azpi-lelo hauek: “Som drets, som justicia, som dignitat, som llibertat, som democracia”. Eta arrazoi horiengatik, ANCren eta Omnium Culturalen mobilizazio handian parte hartu zuten denetariko katalanek ez dituztela zilegi diren beren aldarrikapenak isilduko ziurtatu zuten. Bartzelonako hainbat puntutatik abiatu eta Sant Joan kalean bildu ziren zahar eta gazteak, trajedun eta hiritar xumeak. Udaletxeetan ere elkarretaratzeak egin zituzten, Omnium Culturaleko eta ANCko presidenteak espetxeratu eta hiru hilabete igarota, ez dutela inongo deliturik egin argi uzteko. «Bakezaleak» direla nabarmendu zuten ekitaldian. Hitz bera erabili zuten GARArekin mintzatu ziren herritar guztiek ere.

Garaipenaren Arkuan, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren egoitzaren ondoan egindako ekitaldian hiru minutuko isilunea bete zuten, eskuak goratu eta mugikorrekin argia eginez, bi “Jordiak”, Oriol Junqueras eta Joaquim Form preso dituzten Soto del Real eta Estremeraraino ailegatu zedin.

Hunkigarria izan zen unea, indartsua eta ozena, manifestazioa bere osotasunean bezala. Manifestari guztiek zuten zerbait soinean, “Som justicia” edo “Som dignitat” pankarta ttiki bat ez bazen bufanda edo lazo hori bat, edo biak batera, eta harro altxatzen zituzten aldarrikapenak kazetari pilaren aitzinean. Espainiar prentsaren manipulazioa gogor salatu zuten, baita Europaren erantzun falta ere. «Lotsa» ematen diela errepikatu zuten. Bartzelonako alkate Ada Colaurentzat ere izan ziren oihuak. «Non dago gure alkatea?», galdetu zuten.

Dolors Esplugas zen manifestarietako bat. «Oso haserre gaude, batez ere Europarekin», adierazi zuen. Katalanak definitzen dituen lasaitasuna eta irribarrea oroitu zituen («seny i els sonriures») baina presio honekin bizitzea zaila dela aitortu zuen. «Preso politikoak» daudela eta orain Carmen Lamela Auzitegi Nazional espainoleko epailea suhiltzaileen, Mossoen eta EDRen kontra doala ohartarazi zuen. «Baina lortuko dugu Errepublika eta gazteriarentzako etorkizun duina». Hain zuzen, Mariona alaba gaztearekin zegoen Merce, eta ama-alabak bat zetozen «injustizia» sentimendua aipatzean. «Tristezia eta amorru apur bat» ere sumatzen dute barrenean. «Ez gara geldituko», berretsi ziguten hauek ere.

Meritxell Borras ANCko boluntarioak «inpotentzia eta sumina» erantsi zizkion sentipen nahasketari. Haren ustez, jokoan dagoena ez da «independentzia bai ala ez» soilik; adierazpen askatasuna eta demokrazia ere ari dira defendatzen. «Demokrazia legearen sinonimo gisa erabiltzen da, baina gezurra da; legalak ez du zertan demokratikoa izan, eta alderantziz». Kontseilariaren izen bera duela baina ez dela bera erran digu irriz. «Irakaslea naiz eta ANC eta Omniumeko, bietako kidea». Diada eguneko data duen petoa jantzita daramaten 200-300 bat boluntarioetako bat. Mezu baikor batekin bukatu dugu elkarrizketa luzea: «Atzera begiratu eta pentsatu baino gehiago lortu dugula konturatzen gara, jendarte justuago baten alde eta herriari ahots gehiago ematearen alde. Seguru demokraziak bidea aurkituko duela».