GARA
LIZARRA

«Larrain-dantza: Nafarroatik lau haizeetara» ikuskizuna izango da hilaren 27an, Lizarran

Urtarrilaren 27an Lizarran “Larrain-dantza: Nafarroatik lau haizeetara” ikuskizuna eskainiko da Los Llanos Kulturgune berrian (lehenago Golem enpresaren esku zegoena orain Lizarrako Udalak kudeatuko baitu).

«Ikuskizun berezia izanen da Lizarrako larrain-dantza kantatu ere eginen delako, lau ahotsetan, euskaraz. Lau abesbatzak kantatu eginen dituzte doinu horietarako espres prestatutako hitzak», kontatu dute antolatzaileek. Larrain-dantza ekitaldiaren amaieran dantzatu eta kantatuko da. Antzerkiak emango dio haria saioari. «1903. urtera eginen dugu jauzi. Urte hartako abuztuan, Alfonso XIII.ak iragarri zuen bisita ofiziala eginen zuela Lizarrara, eta herrian, borboien aldeko eta aurkakoen eztabaida sutsuak izan eta gero, erregeari ongietorria emateko prestatzen hasi ziren. Orduan sortu zen gerora hain ospetsua bihurtu zaigun dantza hau. Demetrio Romano eta Anselmo Elizaga gaita-jotzaileek osatu zuten, Julian Romano gaita-jotzaile ospetsuaren doinu batzuk bilduz eta egokituz. Horren ondoren, Modesto Iribas mediku folklorezalea lagun zutela, gazte talde bat hautatu, eta neska-mutil haiei dantza erakutsi zieten. Erregea ez ezik, orduan bildu ziren ikusle guziak liluratuak gelditu ziren emaitzarekin», gogoratu dute.

Taula gainean, El Bardo taldeko antzezleak, Ezpelur taldeko musikariak, Lizarraldeko Herri Dantzen Tailerreko dantzariak eta lau abesbatza agertuko dira: Lizarrako Ereintza; Atarrabiko San Andres eta Atarrabia; eta Iruñeko Mirua.

Larrain-dantza kantatuaren proiektuari 2015ean ekin zitzaion. Ideiaren sortzaile eta eragileak Atarrabiko Iñaki Goñi eta Atarrabia abesbatzako kideak izan ziren. «Larrain-dantza kultur ondarea da, dantzaren beraren balioa gainditzen duena», nabarmendu dute. «Elkartu gara musikariak, idazleak, abesbatzetako kantariak, dantzariak, antzezleak... Ahots mistoetan kantatu ahal izateko harmonizazioa taxutu dugu, eta kantatzeko hitza sortu dugu, euskaraz, gure hizkuntza delako, gaur egun bizirik dagoena eta dudarik gabe gisa honetan kultur agerpenetan iragan urrunean gure aitzinakoek hitz egiten zutena zelako».