Nagore BELASTEGI
AZPEITIA

Arrantzale taldeak 50. aldiz joko du danborra, zira hori eta guzti

Danborradan atera nahi baina ezin zuten gazte batzuen ekimenez sortutako taldeak mende erdia beteko du aurten. Garai batean Azpeitiko danborradako «ardi beltzak» ziren, hamaika aldarrikapenetan aritzen zirelako, baina egun «talde serioa» da eta omendua izango da.

Azpeitiko danborradako Arrantzale Taldeak 50 urte betetzen ditu aurten. Ez da talderik zaharrena, baina bai parekidetasunaren aldeko pauso handi bat eman zuena.

Danborradan atera nahi zuten baina elkarterik ez zuten lagun batzuek danborrada bat osatzea erabaki zuten 1959an. Aurrerago taldekide batzuk beste danborrada batzuetara joan ziren, eta gelditu zirenak Arrantzale Taldea eratzea erabaki zuten, euren uniformeak oinarri izanik. Arrantzaleen jantzia hautatu zuten, gazteak izanik diru asko ez zutelako eta jantzi hori erraza eta merkea zelako. Bittor Olaizola zuzendariak honela oroitu du: «Lehen, mahonezko alkandora eta prakekin, alpargatekin eta txapelarekin ateratzen ginen, baina urte sasoi honetan eguraldi txarra egin ohi du eta gaizki moldatzen ginen. Duela 25 urte inguru hasi ginen katiuskekin eta zirarekin irteten. Bandera berria ere orduan egin genuen». Jantzia erraza delako ere, egun oso danborrada jendetsua da. «Beste elkarteetako trajeek 400-500 euro balio dute; gurea erraza da. 60-70 lagun artean ateratzen gara. Aparte, gastadoreak ditugu arraunekin, eta beste bat arpoiarekin. Talde majoa da», aipatu du.

Egun «talde serio» bat direla ziurtatzen du Olaizolak, eta hasierako garaiak bestelakoak zirela dio. «Gazteak ginen eta aldarrikapen-saltsa guztietan ibiltzen ginen. Azpeitiko danborradako ardi beltzak ginen Arrantzaleak. Momentu hartan egoera politikoa hala moduzkoa zen, frankismo garaian bizi ginen», kontatu du.

Euren borrokek, ordea, fruitua izan zuten 1981ean, emakumeak lehen aldiz atera baitziren danbor-jotzaile Azpeitiko danborradan. «1981ean lortu genuen emakumeak ateratzea; gure taldean atera ziren lehen aldi horretan, urte batzuetan borrokan jardun ostean. Bost emakume atera ziren», adierazi zuen harrotasun puntu batekin. Ez da gutxiagorako, garai hartan gaizki ikusia izan zen berdintasunaren aldeko keinu hori laster beste konpainiek errepikatu baitzuten.

Lekuko aldaketa

Zira horia jantzita urtarrilean izaten diren euri zaparradei aurre eginez, euren lekua egin dute mende erdian izugarri aldatu den herrian. Errespetua diete Arrantzaleei, eta, hala, Udalak omenaldia egingo die gaur gaueko kale-biraren ostean, danborradak plazara iristen direnean. Olaizola 1981ean danbor-jotzaile hasi ziren bost emakumeekin batera igoko da udaletxeko balkoira.

Urte horretan bertan hasi zen bera zuzendari eta aurten, taldean 43 urte eman ostean, lekukoa Iraitzi, 33 urteko semeari, pasatuko dio. Aitak taldean jarraituko du, baina danborra astintzen jardungo da atzera.