GARA
DURANGO

Durango bonbardatu zutenen aurkako kereila artxibatu egin dute

Durangoko Udalak eta hainbat elkartek osaturiko «1937ko Martxoak 31» batzordeak Durangoko bonbardaketaren egileen kontra jarritako kereila artxibatu egin du epaitegi batek. Udalak helegitea aurkeztu du.

Durangoko Udalak, alderdiekin eta herriko hainbat elkarterekin adostuta, kereila aurkeztu zuen joan den uztailaren 18an, 1937ko martxoaren 31n eta apirilaren 2 eta 4an Bizkaiko herria bonbardatu zuen Aviazzione Legionariako pilotu eta hegazkinlari italiarren aurka.

Durangoko epaitegiak, aldiz, auzia behin-behinean artxibatzea erabaki du, Durango 1936 elkarteak atzo jakinarazi zuenez. Epaileak argudiatu duenez, ez da frogatu bonbardaketaren egileak kereilan ageri direnak izan zirela.

Durango 1936 elkarteak gogor salatu zuen erabaki hori eta honakoa galdegin zuen ohar baten bidez: «Ez al dira gertaera zehatzak eta kondenagarriak salatu? Zer ulertu behar dugu, ez dagoela argi salaketan adierazten dena gertatu zela? Ez ote zen, beraz, Durango bonbardatua izan 1937ko martxoaren 31n? Ez al dira egileak identifikatu?».

Memoriaren aldeko elkarteak azaldu zuenez, kereila aurkeztu zenean pilotu eta hegazkinlarien zerrenda aurkeztu zen, izen-abizenekin. «Nondik aterata? Hegazkinetako egunerokoetatik, non bonbardaketak egin zituztela idatzita dagoen. Kasuren batean bonbardaketaren beraren argazkiak ere atera zituzten, gainera», argitzen dute.

Hala, ez dutela «ezer ulertzen» nabarmenduta, epaileari galdetzen diote ea salatzaileak frogatu behar al duen «salatuak bizirik dauden». «Salatzaileak dena frogatu behar badu, zertarako dugu justizia sistema?».

Aitziber Irigora Durangoko alkateak helegitea jarri dutela azaldu zuen: «Durangok bere konpromisoa bere horretan mantentzen du, lanean elkarrekin jarraitzeko, benetan gertatutakoa ikertu eta beharrezko frogak biltzeko», adierazi zuen Udalak ohar batean.

Elgetako Udalak ere aurkeztu zuen frankismoaren krimenen aurkako kereila. Kasu honetan ere Bergarako epaitegiak artxibatzea erabaki zuen joan den urtarrilean. Epailearen arabera, kereilan agertzen diren 14 kasuak ezin dira epaituak izan, Amnistiaren Legearen arabera. Udalak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren kontra.

Bartzelonan hizketagai

Hain zuzen, joan den astelehenean frankismoaren zigorgabetasunaren inguruan solasean aritu ziren Bartzelonan hainbat hiriburu eta herritako ordezkariak. Han ziren Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Gorka Urtaran Gasteizkoa, Iraitz Lazkano Elgetakoa eta Aitziber Irigoras Durangokoa.

Besteak beste, Ada Colau Bartzelonako alkatearekin bildu zen euskal ordezkaritza eta egun osoan Bartzelonako Modelo kartzelan egin ziren mahai inguruetan euren esperientziak ezagutarazi zituzten. Horien artean, Elgeta eta Durangoko udalek aurkeztutako kereilen berri eman zuten. Guztiek aldarrikatu zituzten egia, justizia eta erreparazioa, eta nabarmendu zuten memoria historikoaren alorrean urratsak egiten segitzeak duen garrantzia.