JOSU JIMENEZ MAIA
Idazlea
GUTUNAK

Negu harrigarri bat

Behin Arbizun Etxarriko batek hamabi txita lapurtu omen zuen. Harrezkero lapurrari Pio XII deitu omen zioten, «Pio Doze» erdeinu irrigarriz ahoskaturik. Arbizukoek ez zuten Guardia Zibilera jo justizia eske, inor ez baita eguerdian ilargi bila abiatzen. Nolanahi, etxarriar horri zigor gogorra ezarri zitzaion: etxetik zetorkion izena —goitizena— herriak baztertu eta, harrezkeroztik Pio XII ezizenez ezaguna izan baitzen Sakana osoan. Zigor latza, isun bat ordaintzea baino askoz ere latzagoa, inondik ere.

Negu harrigarri honetan, hamabi txita ez, baizik eta hamaika ikusteko jaioak garenez, Iberian hiru hamarkada lanean emanda, Guardia Zibilaren «mando» batek, mendekuz eta azpikeriaz, hegan egiteko baimena atzera bota dio Patxi Zamorari, Nafarroako Kutxaren auzian ustelkeria salatzen hainbeste lan egin duen Kontuz elkarteko eledunari. Zorionez, Patxi Zamora ez da besoak antxumaturik geldituko den horietako bat, eta badakit irmoki jarraituko duela ikertzen eta ustelkeria salatzen.

Joan Margarit poeta katalanaren “Un hivern fascinant” (Negu harrigarri bat) liburu atera berrian bada “Finalitats” izeneko poema bat, eta amaiera, hauxe: «Ahanzturak ez nau sekula errugabe bihurtuko. Ezjakintasunak, aldiz, beti bihurtzen nau errudun». Hainbeste urtez eskularru zuriko politikari ustelek egindakoa jakin behar da, ez baikara hamabi txita txikiz mintzatzen ari. Egunen batean, Patxi Zamora eta bera bezalako jendeari esker jakinen dugu. Eutsi goiari!