Haritz LARRAÑAGA
AUTOBUS ELEKTRIKOAK BIARRITZEN

EUSKAL ELKARGOAK BIARRITZI EMANDAKO HIRU AUTOBUS ELEKTRIKO MARTXAN DIRA

LAPURDIKO HIRIGUNE NAGUSIAN GARRAIO PUBLIKOA SUSTATZEKO EUSKAL ELKARGOAK DUEN EGITASMOAREN BAITAN URRATS BERRI BAT EGIN DUTE. BAIONAN BEZALA, AURRERANTZEAN BIARRITZEN ERE AUTOBUS ELEKTRIKOAK IZANGO DIRA. HORIEK ESTREINATZEKO ITZULIA EGIN ZUEN AUZAPEZAK, HAUTETSIZ ETA KAZETARIZ LAGUNDUTA.

11.30ean zen hitzordua, Biarritzeko erdigunean. Kazetariak, argazkilariak, erakunde publikoetako ordezkariak eta autobus gidari bat ibilgailu koloretsu baten inguruan bilduak ziren. Aspaldiko partez, eguzki goxoa zen asteazken goizean; beraz, presarik ezean, zain egoteko egun aproposa zen.

Zenbait minuturen buruan agertu ziren abiatzear zen bidaia gidatu behar zuten bi xerpa nagusiak, Claude Olive (Angeluko auzapez, Euskal Elkargoko lehendakariorde eta mugikortasun saileko arduraduna) eta Michel Veunac (Biarritzeko auzapeza).

Bertaratutako guztiak banan-banan agurtu (bi musu emazteei eta eskua gizonezkoei) eta autobus elektrikoaren atarian argazkia atera ostean, bidaia hasteko moduan zen.

Azalpenak bidaian zehar

Biarritzeko auzapeza pozarren zen Euskal Elkargoak egin dion «opariarekin» eta adituari egindako galderen erantzunak errepikatzen zituen kazetarien lana errazteko. Kazetariek, ordea, ez zuten arazo handirik azalpenak entzuteko; izan ere, autobus elektrikoak duen berezitasunetako bat, hain zuzen ere, isiltasuna da, motorrak ez baitu ia zaratarik ateratzen, eta gainera, 22 plazako autobusa izan arren nahiko estu zihoazen bidaiariak.

«Bretainiako Bollore enpresak egin ditu hiru ibilgailuak; bakoitzak sei metroko luzera du, guztiek dute elbarrientzat arrapala elektrikoa eta %98an garapen jasangarria da», nabarmendu zuen adituak. Momentu batean argazkilari baten motxila lurrera erori zen; orduan, «itzul gunean norbait erori da?» galdetu zuen txantxetan auzapezak.

«120 kilometroko autonomia elektrikoa du, gauean 8 ordu behar ditu kargatzeko, nahiz eta egunean zehar partzialki karga daitekeen», jarraitu zuen adituak argipenak ematen, «hiru Lithium Metal Polymere bateria ditu eta balaztatze sistema berreskuragarria du, aldaketa klimatikoek ez diote eragiten...».

Auzapezak gidariaren iritzia ere jakin nahi zuen eta gidatzeko ibilgailu atsegina ote zen galdetu zuenean baiezko borobila jaso zuen. Horrela, galdera, erantzun, esplikazio eta txantxa artean iritsi zen bus berria helmugara, Herriko Etxera.

Egitasmo zabalagoa

Veunac auzapezak hartu zuen hitza amaitu ostean. Biarriztik harago, Angelu, Baiona, Hiriburu, Bidarte eta Aturri ibaiaren bestaldean dagoen Tarnos (Landak) herria biltzen dituen Chronoplus sarea indartzeko urrats gisa aurkeztu zuen bus elektrikoen proiektua eta Euskal Elkargoak egindako «esfortzu ekonomikoa eskertu» zuen. Izan ere, 698.929 euroko kostua izan du egitasmoak (232.976,63 euro ibilgailu bakoitza).

2008an hasi zen Biarritz garraio publikoa dohain eskaintzen eta 2013an Baionan bost ibilgailu elektriko martxan jarri zituztenean eredu bera garatu zezaketela ikusi zuten. Horrela, iaz 410.000 bidaiarik erabili zuten Biarritzeko garraio publikoa, eta horren haritik «egitasmo honek duen funtzio soziala» azpimarratu zuen Veunackek.

Autobus elektrikoak martxan izango dira astelehenetik larunbatera bitartean, goizeko 7.30etik arratsaldeko 19.30era. «Hiritarrek hamabost minutuero ingurugiroan kalte gutxiago eragiten duen debaldeko garraioa erabili ahal izango dute» ohartarazi zuen auzapezak.

Claude Olive, Euskal Elkargoko mugikortasun arduradunak, ostera, plan estrategiko orokorrago baten baitan kokatu zuen Biarritzeko egitasmoa eta garraio publiko jasangarria sustatzeko 2019ko uztailean martxan jarriko den Tram’bus proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen.

Prentsaurrekoa amaituta, mikrofonoak itzali eta aperitifa eskaini zuen Herriko Etxeak. Hortik aurrera elkarrizketek beste norabide bat hartu zuten.