GARA
DONOSTIA

Asuncion klinikako langileek Darponi kontuak eskatu dizkiote prekaritateaz

Tolosako Asuncion Klinikako langileek beren egoera salatu dute: 2011z geroztik soldaten izoztea, pertsonal falta eta kontratazioetan irregulartasunak. Prekaritatea dela-eta bilera eskatu diote Jon Darpon sailburuari eta, bitartean, mobilizatzen jarraituko dute.

Tolosaldean osasun publikoaren alde borrokan jarraitzen dute profesionalek eta langileek. Azken mobilizazio honetan, zentroan gertatzen ari den «prekaritate larriaren aurrean» esku hartu dezala eskatu diote Jon Darpon sailburuordeari.

ELA eta LAB sindikatuek deituta, Tolosako Asuncion klinikako langileek elkarretaratzea egin zuten Donostian atzo, hiriburuan Lakuako Osasun Sailak duen ordezkaritzaren atarian. Deialdian gogorarazi zutenez, iragan abendu eta urtarrila bitartean lau greba egun egin dituzte langileek; horietan salatu dute 2011. urtetik soldata igoerarik ez dutela izan eta erosahalmen gero eta txikiagoa dutela. «Mobilizazioek bultzatuta, enpresak negoziatzera deitu gintuen, baina beren proposamena gure erreibindikazioetatik oso urrun dago; beraz, gure exijentziei erantzun gabe jarraitzen dute», adierazi zuten.

Ildo horretatik, bertako langileen urteko lan jarduna administrazio publikoko langileek duten lan jardunetik «oso urrun» dagoela erantsi zuten, eta, horrez gain, «pertsonal falta, kontratazioen irregulartasuna eta lan kargen handitzea eguneroko errealitatea» direla azken urte hauetan. Sindikatuek zentroaren zuzendaritzan eta Lakuako ordezkariengan jarri dute arreta. «Zuzendaritza honek osasuna negozio bilakatu du eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila honen konplizea izan da, ez baitzaizkie batere inporta ez Tolosaldeko 65.000 biztanleak, ezta Invizako langileak ere», kexatu ziren.

Tolosako Asuncion klinikan gertatzen ari dena «argitzeko», Darponi eurekin biltzeko eskaera helarazi zioten.

Egiak estaltzen

«Gezurrak» ere aipatu zituzten. «Traumatologiako trasladoak pazienteen onuragatik egiten direla esanez eta profesional faltaren arazoa dela ezkutatuz» estaltzen omen du zuzendaritzak errealitatea. «Errealitatea, ordea, hau da –erantsi zuten–, klinikako profesionalak alde egiten ari direla dituzten lan baldintza txarren ondorioz».

Eskualdeko osasun zentro honek urtean 20 milioi euro jasotzen ditu Lakuako Osasun Sailetik; aitzitik, gainontzeko eskualdeetako osasun zerbitzua baino prekarioagoa zergatik ote den galdegin zuten, baliabideak izan badirelako, baieztatzen dutenez.

Bilera horren zain, Tolosaldean osasun publikoa izatearen alde mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi zuten.