Estibalitz EZKERRA
HELDUEN LITERATURA

Gizonak hitz egin du

Behin ere ez du bere benetako izenaren berri ematen Anjel Lertxundiren “Horma” nobelako narratzaileak. Aitzitik, lanbide eta obsesio dituen itzulpengintzaren harira, Marta bikotekideak jarritako Fidel ezizenarekin azaltzen zaigu kontakizun osoan zehar. Itzulpengintzak, hain zuzen, toki zabala betetzen du nobelan. Gurasoekin hasi eta gizarte osoari zuzentzen dion kritikan itzultzaileen lanari zaion errespetu eta estimu txikiaz kexu da, eta itzulpengintzan buru-belarri aritu nahi duen orok aurre egin behar dion ziurgabetasun ekonomikoari erreferentzia egiten dio behin eta berriz. Defentsa mekanismo bezala, itzulpengintzaren zein Mendebaldeko kanon tradizionalaren gaineko bere erudizioari heltzen dio. Babes gutxi eskaintzen dio horrek, ordea, Martaren iradokizunaren modukoen aurrean. Bikotekideak liburu bat idazteko esaten omen dio eta zaurian gatza bota baliote bezala erreakzionatzen du Fidelek. Bere laneko kontuekin inoiz matrakarik ematen ez dion Martak, bere alboan existentzia minimalista daraman horrek, nola esan diezaioke horrelakorik Fideli?

Paradoxikoki, idatzi idatziko du liburu bat Fidelek. “Horma”, hain zuzen, bere liburua da. Ordurako, ordea, Marta alde eginda dago eta Fidelek ez du erabat argi bien arteko harremanak zergatik huts egin duen. Bere hipotesia da amaren gaixotasuna gehiegizko zama izan dela Martarentzat. Alzheimerra dela-eta oroimena galduz doa ama eta haren zaintza bere gain hartzen du Fidelek, harik eta zahar egoitza batean sartzen duen arte. Testu nagusiarekin tartekatuta agertzen diren hirugarren pertsonako pasarteetako batean, ordea, bere buruari aitortzen dio hasieratik erabaki guztiak berak hartu dituela, neskalaguna aintzat hartu gabe.

Ama eta bien arteko harremana zaila bezala deskribatzen du Fidelek. Pasarte batean aipatzen du nola aurkeztu zitzaion lehen aukerari heldu zion etxetik alde egin eta ordurako alargunduta zegoen amarekiko distantzia mantentzeko. Amak espero zuen senarra hil ostean semeak konpainia egingo ziola –hala esaten du Fidelek–, baina aitak jadanik amildegi bat irekia zuen bien artean. Zergatik ez zuen amak bere alde egin eta aita bere tokian jarri?, galdetzen dio Fidelek bere buruari. Eve Sedgwickek deskribaturiko maitasun triangelua da aurrean duguna: aita-semeen arteko botere borrokan, ama objektu bat besterik ez da. Bere burua kritikatu egiten du Fidelek, amarekiko aitaren modu bertsuan jokatzeagatik. Izan ere, ez daki nola bizi izan zituen amak urte haiek, alaba txikiaren heriotzak eta aitaren aldarte petralduak markatuta. Amaren oroimen galerak –horma bihurtzearekin parekatzen du Fidelek– haren iragana ezagutzearen nahia pizten du itzultzailearengan, eta bere oroitzapenekin zein amaren lagun izandako Isabelek emandako informazio pusketen bidez hura berregiten saiatzen da. Berehala ohartzen da alferrikakoa dela; dokumentuak ez ezik, pieza klabea falta zaio artxiboari: amaren beraren testigantza.

Astrid Erllek eta Ann Rigneyk azaldu bezala, literatura eta memoriaren arteko harremana estua da, lehenengoa bigarrenaren bitarteko (memoria kolektiboak ekoizten laguntzen du iragana narrazio moduan aurkeztuta), objektu (belaunaldi artean zubi lanak egiten ditu, baita testuen arteko konexioak ahalbidetu ere), eta mimesi (oroimen prozesua aztergarri egiten du) den aldetik. Hiru funtzio horien presentzia antzeman daiteke Lertxundiren nobelan. Azken batean, Fidelek idazten duen liburua oroimen proiektu bat da. Paradoxikoki, ordea, oroimen hori ez da hura galtzen ari denarena, amarena alegia. (Azken horrek, Martak bezala, ez du ahotsik; Fidelek hitz egiten du bien ordez). Ezer izatekotan, Fidelen bidez aurkeztu zaigun eta krisian dagoen maskulinitate baten oroimena da.