Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Senaren geometria

Gure iparraren iparrean den hexagonoaren hiriburuan sena handitzen ari dela irakurri dut, eta une-kolpe batez zera pentsatu ere, bazen garaia, kontxo, espetxe politika gaurkotzen hasteko! Demonio! … Geroxeago, letra txikerraz jabetzean, jakin dut ibaiaz ari zela berria; nonbait, hango ibai ospetsua handitu eta berezko dituen urak bazterrak hartzen hasiak omen dira, ohiko ubide behartua txiki utzita. Azken batez, ibaiak, ibai denetik, izan dituen bazterrak hartu ere.

Eta kezkatuta azaldu dira hangoak, halabeharrez. Batzuk ibaiertzeko museo-sotoetan diren artelanez kezkatu dira; atera kontuak, kobazuloetako labar-artea inoiz ez da urpean geratzen, ibaiek gora egiten dutenean ere ez. Hortaz, pentsatu behar da bestelako sena zutela garai hartako kudeatzaileek. Tira, hain atzera joan gabe ere, Erdi Aroko katedralak beti geratzen dira ur-oldeetatik salbu, moderno asko ez bezala. Mon Dieu! Sena! Beste batzuk kezkatuta, ostera, ibaiak hango zubiak azpian utzita horien barandetan maitasun ikur diren giltzarrapoak herdoilduko ez ote diren kezkaz. Zubiak ur azpian? Utopia posible den seinale!

Harira Murgoitio, demontre, harira! Banoa! Hexagonoa ez bezala, gure hegoaren hegoan den horrek inoiz ez du forma geometriko ezagunik eduki; zezen larrua baino ez omen da. Geometriak espazioa hartzen du kontuan eta, hortaz, ez dute han horren beharrik izan, puntu bakar batekin nahikoa dutelako; grabitate-zentroa ere ez dute, zentroa egonda periferia ere egon behar zelako!

Kontuak atera, uholdeak hartzeko bazterrik ere ez da puntu horretan! Tristea gero uholde gabeko ibaia! Zezen-larru itxurako puntua, orduan. Zezenbide Estatua, horkoa. Tarrat egiteko zorian, geometria espazio eske dator eta! Zatitzea ez da grabe, ezelan ere ez! Helburua, zati guztiak osorik izatea!