Ion TELLERIA

PARLAMENTURAINO, BOTOA GAUZA DADIN

ESPEKTATIBA HANDIKO EGUNA ZEN ATZOKOA, 10.00ETAN ROGER TORRENTEK PUIGDEMONTEN BALIZKO HAUTAKETA ATZERATZEA ERABAKI ZUELA IRAGARRI ARTEAN. KALEAN ETSIPEN PUNTUA, NEURTUA, BAINA AGERIKOA. ATARIAN AMAITU BEHAR ZUEN MANIFESTAZIOA PARLAMENTUKO ATERAINO ERAMAN ZUEN ASKOK, BOZKATU ZUTENA BETE DEZATEN DIPUTATUEK.

«Hasieran, Roger Torrenten diskurtsoa entzuten ari nintzenean oso egokia iruditu zait, aipatu baitu ez dela izango Saenz de Santamaria erabakiko duena nor den Kataluniako presidentea. Baina esan duenean inbestidura saioa atzeratzen zela oso gaizki iruditu zait. Puigdemonten inbestidura nahi genuen, hori bozkatu baikenuen. Gure botoa ari dira urratzen». Isabel da, 13.00 ingururako Sant Jaume plazan zegoen, ordu eta erdi beranduago bertatik hastekoa zen manifestazioan parte hartzeko.

Loading player...

Parlamentuko saioa atzeratu arren, mobilizazioari eutsi zioten ANC eta Omnium elkarteek, «herritarren borondatea ez delako deskonbokatzen». Carles Puigdemonten maskarekin hasi zen jendea inguratzen eta 14.30 pasatxoan abiatu zen Generalitateko jauregia eta Parlamentua lotuko zituen manifestazioa, “Som republica” aldarria buruan.

Picasso pasealekura iristean eskuinera begiratuta Parlament aurrean ziren gainerako independentistak ikus zitezkeen, martxak Companys pasealekurantz jo zuen bitartean. Pantaila handi bat eta jendetza zituzten manifestariek zain eta milaka Puigdemont inguru guztian.

Irailean eta urrian nabari zen giro euforikoa antzeman zitekeen, edozer lortzeko gai den herri horren aurpegia, edo hala ikus zezakeen hori ikusi nahi zuenak, behintzat.

Esteladak, kantuak, jendetza... egun handi bateko osagai guztiak zituen Parlament inguruko mobilizazioak... Baina barruko erabakiek ez zuten lagundu eta hori aitortuz hasi zuen hitz-hartzea Agusti Alcoberrok. Horren aurrean, ez etsitzeko deia: «Eurek ez dakitena da gure indarra jendea dela, eta gure indarra batasuna dela». Espres, bertaratuen artean egon zitezkeen kezken jakitun, batekoak eta bestekoak babesteko deia egin zuen: «Babes dezagun errepublikazaleen gehiengoa, babes ditzagun Puigdemont presidentea eta Kataluniako Parlamentuko presidentea ere».

Horiek esanda, jendeari etxerako bidea hartzeko deia egin zien Alcoberrok. Picasso pasealekuan eta Pujades kalean, ordea, jendetza zegoen... eta etxerako asmo handirik gabe.

Poliziak Ciutadellako parkerako sarbideak itxita izan arren, bultza eta bultza, ia-ia poliziak pankarta gisa hartuta, Parlamentuko ateraino iritsi ziren milaka manifestari «hemen gaude dagoeneko, iritsi gara» kantuan.

Parlament parean berrosatu zuten Mossoek segurtasun ilara eta manifestaziora batu ziren JxCat eta CUPeko diputatuak. Gutxira ERCkoak ere inguratu ziren manifestariak agurtzera, tartean Sergi Sabria taldeko bozeramailea. «Interpelatuak sentitzen zarete?», galdetu genion kazetariok; «noski», berak.

«Inbestidurarik ez badago Parlamentua hartuko dugu», zioten bertaratuek eta saiatu ere egin ziren hesiak kendu eta poliziari aurre eginez.

Diputatuek Parlamentua utzi ahala, «atzera pausorik ez!» oihukatzen zieten bildutakoek. Gaua ere bertan pasatu dute eta presidentea hautatzeko saioa izan artean bertan geratzeko deia egin dute Errepublika Defendatzeko Batzordeek (CDR).

Azkenean, Bartzelonara iritsi den Puigdemont bakarra herritarrek zeramatzaten katamaloetakoa... oraingoz.