2018/02/09

Erreportajea
 
EBALUAZIO EREDU «OSASUNTSU» BAT, GAITASUNAK AZALERATZEKO

Ebaluazioaren inguruko hausnarketa plazaratu du LABek, pil-pilean dagoen gai honi heldu eta aldaketaren beharra hezkuntza komunitatean, erakundeetan eta familietan txertatzeko. Ebaluaketaren ikuskera negatiboa alboratu eta prozesu osasuntsu bat izatera eraman nahi dute.

Iraia OIARZABAL
0209_eh_ikaslea

Ebaluazio hezitzailea iruten» izenburuko liburuxka aurkeztu du LAB sindikatuak. Bi urteko parte hartze prozesuaren emaitza da eta berriki “Hik Hasi”-k hezkuntza sistema eraldatzeko plazaratutako Hezkuntza Proposamenari ekarpena egin nahi dio. Sindikatuaren planteamendua une berezian dator, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila lantzen ari den proposamenarekin batera, alegia.

Atzo Donostian egindako aurkezpenean adierazi zutenez, Cristina Uriarte sailburuak aste honetan bertan aurkeztu duen proposamena «norabide onean doa» ebaluazioari dagokionez, eta puntu amankomunak identifikatu dituzte. Aitzitik, uste dute ezinbestekoa dela hori praktikara eramateko zehaztapenak ezartzea, urratsak gauzatzea eta baliabideak hezkuntza komunitatearen eskuetan jartzea.

Nora Salbotx herri hezitzailea, Ruben Iglesias EAEko Hezkuntza Sailak Ituna egiteko lantaldean parte hartu duen LABeko kidea, Maialen Etxeberria LABen Hezkuntza Politikako Lantaldeko kidea eta Ibai Redondo LABen Hezkuntza Politikako arduraduna izan ziren aurkezpenean, liburuxkak jasotzen dituen gako nagusiak laburbiltzen. Orotara 7.000 ale atera dituzte eta Euskal Herriko ikastetxe guztietako irakasle geletara heltzeko ahalegina egingo dute orain. Aldi berean, Lakuako Hezkuntza Sailari helaraziko diote. Sustatzaileen esanetan, hezkuntza arloko eragileen artean antzemandako «blokeo» moduko bati erantzuteko proposamena da.

Iglesiasen ustez, «ebaluazioaren bestelako ulerpen bat egon behar da». Aipatu zuenez, joera dago ebaluazioa gauza negatibotzat hartzeko, ikasleengan eta ingurukoengan estresa eragiten duen zerbait bezala. Pertzepzio hori gaur egun indarrean dagoen ebaluazio ereduaren ondorio dela uste du, eta horregatik azpimarratzen dute ebaluazio «osasuntsu» bat eraiki beharra dagoela.

Bide horretan, ezinbesteko hiru aktore ikusten ditu sindikatuak: hezkuntza komunitatea (irakasleak, hezitzaileak, jangeletako langileak...), erakundeak eta familiak. Metodologia aldatzeko borondatea egon badagoela aipatu zuten, baina hori aurrera eramateko baliabideak beharrezkoak direla gaineratuz. Aldi berean, familien parte hartzea ezinbestekoa dela nabarmentzen dute, baita «eskema zaharretatik atera eta ikuspegia aldatzea» ere.

Dekalogo bat

Proposamenaren mamia dekalogo batean laburbiltzen du liburuxkak. Lehen puntuan ikaslea erdigunean kokatuko duen ebaluazio eredu propio baten garrantzia azpimarratzen da. «Ikas-irakaskuntza prozesua osatzen dugun guztiok erabaki behar dugu zer, nola, noiz, nork eta zertarako ebaluatu. Emaitzak aztertu eta honen ondotik hobekuntza integraleko neurriak proposatzeko», dio proposamenak.

Era berean, ebaluazioaren helburuak zeintzuk diren finkatzea gomendatzen du, eta «ebaluazio = kalifikazio» binomiotik ateratzea. Hots, indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko ez ezik, horien zergatiak aztertu eta hobetzeko neurri hezitzaileak ezartzeko ere balio behar du. Hala, Hezkuntza Plataformen Topaguneak Heziberri, Lomce eta PISAko kanpo azterketei planto egiteko planteamenduarekin bat egin du sindikatuak eta gaineratu du liburuxka honetan jasotzen duten proposamenarekin harago joatea dela helburua, eredu berri batean sakontzea, alegia.

Hain justu, barne eta kanpo ebaluazioari dagokionez, PISA bezalako probak kritikatuak diren arren, hezkuntza ereduaren osasuna eta joerak adierazten dituzten heinean, neurri batean beharrezkoak ere badirela uste dute. Hori bai, beti ere osagarri bezala eta ez helburu gisa ulertzen badira. Selektibitatea eta baxoa, berriz, desagertu egin beharko liratekeela uste dute dokumentuaren egileek.

Kalifikazioen gaiari ere heltzen diote, informeak aldatzeko beharra nabarmentzeko. Notak ezarri beharrean konpetentzietan zentratu beharra dagoela aipatzen dute: ahultasun eta indarguneak identifikatzeko balioko duen metodologia bat bilatu eta ahaleginak ikasleen gaitasunak indartzean jarri.

Horrekin lotuta, metodologiak berrikusi, baliabide pedagogikoez hausnartu eta eredu berriak ezagutzea gomendatzen dute. Eredu hori, noski, Euskal Herriaren ezaugarrietara egokitu behar dela aldarrikatzen dute. «Curriculuma Euskal Herrirako prestatzen den kultur ibilbidearen hautaketa da; hau da, ikasleek gizabanako eta gizartekide gisa, beraien garapen osoa Euskal Herrian eta mundu zabalean bizitzeko konpetentziak lor ditzaten», azaldu zuten.

Azkenik, hobekuntza arloak identifikatzen lagunduko duen langileen eta ikastetxeen ebaluazio hezitzailea egitea nahitaezkoa dela uste du LABek. Esaterako, irakaskuntzan jarduteko ikasketak abiatzen dituzten ikasleengan arreta jartzea garrantzitsua da, beren iritziz, etorkizuneko irakasleen formaziotik eredu berri hori txertatuz.

Eta aldarrikapen modura, hori guztia posible izan dadin baliabideak eskura jartzeaz gain, lan baldintzak hobetzea, plantillaren egonkortasuna sustatzea eta ikasgeletako ratioak berrikustea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten.

Hori guztia ikaslea protagonista duen ikuspegi batetik, bere ingurune guztiaren inplikazioarekin, eskolako hormetatik harago gertatzen dena ere aintzat hartuz.