GARA
GASTEIZ

Minbizidunen biziraupena hazi egin da

2000 eta 2012 urte artean lortutako datuak aztertu dituzte ikerketan. Horien arabera, gizonezkoen biziraupena 6 puntutan hazi da eta emakumeena 5 puntutan. Batez besteko orokorrek Europako ehunekoen gainetik kokatzen dute EAE. Biziraupen tasa handiko minbizi motek ere maila ona izaten jarraitzen dute.

2000tik aurrera, minbizia diagnostikatu dieten pazienteen biziraupen tasak orokorrean gorakada esanguratsua izan du EAEn, Jon Darpon Osasun sailburuak atzo iragarri zuenez. Datu horiek “Minbizitik bizirautea EAEn. 2000-2012” ikerketatik atera dira. Horren arabera, emakumeek biziraupen ehuneko handiagoa dute, baina gizonezkoen biziraupena gehiago hazi da, sei puntutan, emakumeen 5 puntuen aurrean.

Diagnostikoaren ondorengo bost urteetan estandarizatutako biziraupen tasa, 2012an, %52,2koa izan zen gizonetan eta %59,9koa emakumeetan. EAEko datu horiek Europako batez bestekoak (hurrenez hurren, %50,3 eta %58) baino gorago daude.

Tumore motei dagokienez, txostenak nabarmentzen du bi sexuetarako koloneko eta ondesteko minbizian izan den biziraupenaren gorakada; 8 puntu gizonetan (%64,4) eta 9 puntu emakumeetan (%65,8). Biziraupen tasa handia zuten minbizi motetan ere mailak goian jarraitzen du, halaber, bularreko minbizian (%86) eta prostatakoan (%91).

Era berean, gizonetan hiltzeko arriskuak behera egin du nabarmen aho-barrunbeko eta faringeko, urdaileko, pankreako eta gibeleko eta plasmozitoen minbizietan. Emakumeetan, ordea, arriskuak behera egin du biriketako, gibeleko, bularreko, uteroko eta giltzurruneko minbizietan.

Darponen esanetan, ikerketatik ondorioztatzen da minbiziak sendatze ehuneko handiak dituela, eta sarritan gaixotasun kroniko bilakatzen dela. Gainera, terapia pertsonalizatuetan eta minbiziaren aurkako borrokan aurrera egiteko aukera gehiago agertzen dira zientziari esker. Zentzu horretan azpimarratu zuen biziraupen tasetan badutela zerikusia prebentzioak, diagnostiko goiztiarrak edo tratamendu berriek.

Neurriak hartuz

Darponek esan zuenez, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren konpromisoa hobetzen jarraitzea eta minbiziari aurre egiteko aurrera egiten jarraitzea da; izan ere, gaur egun, oraindik, gure gizartean eragin handia duen gaixotasuna da. «Gure helburua heriotza tasa murriztea da, biziraupena areagotzen jarraitzea eta paziente onkologikoari ahalik eta arreta onena eskaintzea», azpimarratu zuen sailburuak.

Horrekin lotuta, iragarri zuen uda baino lehen abian jarriko dela umetoki-lepoko minbiziaren detekzio goiztiarraren programa, 21 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzendua, tumore horren ondoriozko heriotza tasa murrizteko asmoz.

Halaber, ikerketa proiektuak sustatzen jarraituko du Osasun Sailak. Asistentzia arloko ekimenek Euskadiko Plan Onkologiko Integralarekin eta minbiziaren prebentzioarekin bat egingo dute. Era berean, Osakidetzak bizi ohitura osasungarriak sustatzen jarraituko du, jarduera fisiko eta elikadura osasungarria sustatzeko programekin, eta alkoholaren eta tabakoaren inguruan esku hartzen jarraituko du arrisku faktore nagusiak saihesteko.

Ikerketa Osasun Saileko, Osakidetzako, Onkologikoko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Epidemiologia eta Osasun Publikoko Ciber-eko profesionalen talde batek garatu du 2000 eta 2012 urte arteko datuak alderatuz (urtarrilean amaitu zuten). Horren baitan, EAEko 14 urtetik gorako herritarretan minbizi inbaditzaileak aztertu zituzten.