2018/02/17

ANDONI TOLOSA «MORAU»
MUSIKARIA

Bere disko intimistenarekin dator Morau, hamarkada betean bizi izan duen zaintza prozesua aletzera datorren «Egunsentiak alperrentzat» lanarekin. Creative Commons lizentziapean eta «edonork edonola» baliatzeko sortu diren abestiok prozesu horren parte diren pertsona eta sentipenetan jartzen du arreta, eritasunei behatzeko modu ugari daudela erakutsiz.

«Nik bizitakoen artean, ez da izan zaintza bezain prozesu hezitzailerik»
Amalur ARTOLA|HERNANI
0216_kul_morau

Egunsentiak inoiz ez bezala batu zituen Morau eta bere ama. Hamarkada betez, goizero paseo luzeak eman eta kafesne baten bueltan bildu ohi ziren musikari hernaniarra eta bere ama, alzheimerra diagnostikatua ziotena, eta eguneko argazki bat zintzilikatu ohi zuen Flickr-en, “Egunsentiak alperrentzat” izenpean. Zaintza eta ezagutza prozesu luze baten emaitza da izen horixe daraman diskoa. Inoizko intimoena, baina dramatismorik gabea. Gaixotasunen azpian zein gainetik, pertsonak daudela gogorarazten diguna.

Noiz eta nola abiatu zen «Egunsentiak alperrentzat»?

Amarekin paseatzen hasi eta bi urtera alzheimerra diagnostikatu zioten. Aita ere oso gaixo geneukan, eta urte horietan zaintzak presentzia potentea izan zuen arreba eta bion bizitzan. Orduan ez nuen buruan diskoa egitea, baina denbora asko pasa nuen amarekin, bizipen asko daude hor tartean, sentipen asko, eta momentu batean konturatu nintzen bestela iritsiko ez nintzatekeen intimitate batera iritsi nintzela amarekin. Diagnosiaren lehen beldur hori gainditu eta nolabait gaixotasunari neurria hartuta, ideia horiek koaderno batean gordetzen joan nintzen.

Zure blogean (Morau.eus) bildu dituzu gogoeta horiek.

Bai, baina ez nituen unean argitaratu. Alzheimerra diagnostikatu ziotenetik hil arte hamar urte pasa ziren, eta amaren bukaera hurbiltzen ari zela ikusita hasi nintzen ideiak biribildu eta kantuen hitz modura ematen, eta, bide batez, testuinguruan kokatzen. Ze kantu bakoitzak du bere momentua, Hernaniko txoko eta une zehatzekin identifikatzen ditut. Ama hil zenean zabaldu nuen bloga, baina, aurretik, amarekin paseoa ematen nuen aldiro argazki bat bota eta Flickr-en zintzilikatu ohi nuen, “Egunsentiak alperrentzat” izenpean. Hori inflexio puntua izan zen niretzat gaixotasunari dagokionez, ze errutina batean sartzen hasi eta, disfrutatzea asko esatea da, baina paseo horiek ia plazera bilakatu ziren. Alzheimerrak gaixotasun bezala badu alde kurioso bat: desinhibitu egiten dira. Gure amak ez zuen inoiz horrenbeste barre egin; paseoak bi lagunen arteko paseo bihurtu ziren.

Gainera, esaten dizutenean okerrera bakarrik egin dezakeen gaixotasun bat tokatu zaizula, ezin dela inongo pilulekin tratatu eta egin daitekeen gauza bakarra degenerazio hori ahal den neurrian mantsotu eta gaixotasuna luzatzea dela... Horri tamaina hartzea asko kosta zitzaidan eta paseoek horretarako balio izan zidaten. Asko ikasi nuen amaz, eta neure buruaz.

«Diagnosia» abestian deskribatzen duzu sentipen hori.

Bai. Kontsultatik atera eta paper bat emateko aitzakian sarrarazi eta “zure amak alzheimerra dauka” esaten dizutenean, bizkar gainean bi tonako harritzarra jarri dizutela sentitzen duzu.

Hala ere, ez dago dramarik abestietan. Gaixotasunaz beraz ere gutxi mintzatzen zara. Gehiago dira bizipenak.

Lehengoan galdetzen zidaten ea diskoaren asmoa gaitza ikusaraztea zen, eta esan nuen ezetz, ikusi behar duguna gaixoa dela. Gaixo bakoitza prozesu bat da eta hau da niri tokatu zaidana, nire begietatik emana. Gaixotasunaz baino zaintzaz hitz egin nahi nuen, hori izan baita nire esperientzia. Batzuetan zalantzan jartzen nuen bera edo ni, bietatik zein zegoen gaixo [horretaz dihardu “Gaixo” kantuan], ze ni iristen nintzen etxera korrika eta esnatu, pastillak, garbiketa... eta ama beti irribarre batekin esnatzen zen. Askotan zaintzaileak gaixotu egiten gara. Ez gaituzte prestatzen zaintzaile izateko eta, tokatzen zaizunean, aurrera egin behar.

«Ona» abestia zaintzailearen eskuliburu modukoa da.

Bai (barreak). Horretara zihoan. Prozesuak hiru fase dituela uste dut eta abestiak ere horrela daudela antolatuta: beldurraren fasea, egunerokotasunarena eta deskubrimenduarena. Lehen hiru kantuak beldurretik daude idatziak, gero hasten zara tamaina hartzen, eta konturatzen zara egin dezakezun onena egunerokoa ahalik eta ondoen aurrera ateratzea dela. Hori lortzean hasten zara ikusten lehen ikusten ez zenituen gauza asko.

Adibidez?

Ba, adibidez, ama dutxatu nuen lehen aldian sekulako erreparoa eta lotsa sentitu nituen. Baina pasa egiten da. Hortik aurrera askotan ikusi nuen biluzik, jantzi, erantzi, garbitu... Hortik dator “Zuhaitza” kantua: bere gorputza horrelakoa zen. Eta “Mina” abestia ere hortik dator: badirudi mina barruan daukagula noiz aterako zain, eta mina horren da gauza pertsonala...

Eta ikasten duzu «seme ona» ere izan zaitezkeela...

Igogailuan sekula kasu egin ez dizun atsoak “qué bien cuidada está vuestra madre” esatean konturatzen zara badela seme onaren eredu bat, eta denok bilaka gaitezkeela, nahiz eta izan artista eta etxekalte samarra. Goiz batean gertatu zitzaidan poz-pozik nindoala bizikletan lanera “utzi ditut menderatuta” esanez eta pentsatu nuen: “Hi, Morau, tontotu haiz! Hauxe egiten ditek emakumeen %80k eta ez dituk harro sentitzen, inork ez die aitortu...”. Eta, ni, zaintza deskubritu banu bezala... Horretaz ere hitz egin nahi nuen.

Kantu denak zureak, bat salbu. Zergatik «Clash eta Pistols»?

Amaren azken ingresoan, arreba eta bion artean egiten genituen txandak, eta ospitaletik sartu, eta ateratakoan paseo bat ematen saiatzen nintzen, haizea hartzeko. Kantu hori etorri zitzaidan burura, ezin nuen kendu, nolabaiteko premonizioa izan balitz bezala... Agur kantu bat da. Hori eta Anariren “Epilogoa” izan nituen gogoan. Bertsioak maite ditut, disko guztietan dago bakarren bat, eta ausartu behar nintzen inoiz Itoizekin ere.

Orain artean egin duzun disko intimoena da; bestelako atmosfera bat dario.

Kantuak ikusita, erabaki nuen bakarka joan nahi nuela, nahiz eta Beñardok [Goietxe] ahots zoragarri batzuk sartu, eta Giogio Basmattik egin didan bertsio bat [“Bi argazki”]. Saiatu naiz ez tematzen, kantu bakoitzak bere tempoa izan zezala, eta kantatu ere goxoago kantatzen ahalegindu naiz.

Hasi zara kontzertuekin?

Bat egin genuen, Euskararen Eguna zela-eta, Erizaintza Eskolan. Kuriosoa izan zen... Kantu hauekin apur bat galduta nabil, ez nago ohituta hain zaurgarri izaten, taberna batera joan eta beste giro batean jotzera nago ohituago... Eta, han, ikusi nuen jendeak estimatzen zuela zaintza prozesua kontatzea, askok zurekin bat egiten dutela, zuk sentitu duzun hori unibertsala dela. Esperientziak kontatu zizkidaten emanaldia bukatutakoan eta konturatu nintzen beharbada kantuek badutela balio terapeutiko txiki bat. Ze, badirudi ez dugula tarterik horretaz hitz egiteko. Zaintzak molestatu egiten digula kasik, ze gure bizimodu estu honetan nondik ateratzen duzu denbora halako prozesu bati ekiteko eta, gainera, ez denbora galtzen, baizik eta zerbait egiten ari zaren sentsazioarekin egiteko? Agian, emanaldiak eduki behar du, errugbian bezala, hirugarren denbora: goazen biltzera modu informalean eta kontatu, galdetu, egongo gara.

Diskorako ilustrazioak, beste behin, Mattinek egin dizkizu.

Eta oraingo honetan kristoren jauzi estilistikoa egin duela uste dut. Berak ere antzeko zerbait pasa du, eta oso ondo ulertu du dena. Lan bikaina egin du eta uste dut nire kantuak heldutasunera doazen bezala bere artea ere baietz.

Aldaerarik nabaritzen duzu, beraz, zure kantaeran?

Bai, batez ere “Arrainentzat himnoak”-etik hona sumatzen dut neure buruarekin askoz ere asentatuago nagoela. Errazkerietatik ihes egiten dut gero eta gehiago. Amarekin ikasi nuen egunerokotasunaren alde ez hain ebidenteetan jartzen arreta. Eta zintzoago azaltzen.

Hortxe prozesuaren emaitza.

Ba bai: nik bizitakoen artean ez dago zaintza bezalako prozesu hezitzailerik. Ikasteko duzun aukera hori aprobetxatzen baduzu, asko ikasten duzu, zutaz, besteez... Halako egoeren aurrean, edo ekiten duzu perspektiba pixka batekin, zeure buruari “hemen zer egin dezaket?” esanez, edo erotu egiten zara. Ikasi edo erotu, hor dago kontua.

GAIXO


«Gaixotasunaz baino zaintzaz hitz egin nahi nuen, hori izan baita nire esperientzia. Batzuetan zalantzan jartzen nuen bera edo ni, bietatik zein zegoen gaixo»

ATMOSFERA


«Kantuak ikusita, erabaki nuen bakarrik joan nahi nuela. Saiatu naiz ez tematzen, kantu bakoitzak bere tempoa izan zezala, eta kantatu ere goxoago kantatzen ahalegindu naiz»

ALZHEIMERRA


«Diagnosiari tamaina hartzea asko kosta zitzaidan eta paseoek horretarako balio izan zidaten. Asko ikasi nuen amaz, eta neure buruaz»