Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Xake-ren «Mami Lebrun», XVIII. Donostia Antzerki Saria

Indartsu hasi du arte eszenikoetan barnako ibilbidea Xake konpainiak: lehen ekoizpena duen «Mami Lebrun» antzezlanarekin eskuratu du XVIII. Donostia Antzerki Saria. Garaikurra martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, jasoko dute Donostian.

Xake Produkzioak antzerki konpainia sortu berriak bere lehen obrarekin eskuratu berri du XVIII. Donostia Antzerki Saria: “Mami Lebrun”. Antzezlana Bigarren Mundu Gerrako Parisko kabaret batean dago girotua eta, epaimahaiaren hitzetan, «sorkuntza handiko lana» izateaz gainera «energia handikoa da eta ikuslea hunkitzea lortzen du». Ikuskizunak arte diziplina ezberdinak (dantza, musika, umorea...) uztartzeko erakutsi duen abilezia ere goraipatu du epaimahaiak.

Konpainia sortu berria dela ere aintzat hartu du eta, hala, lehen ikuskizunarekin «arriskuak hartu izana» ere goraipatu du. Izan ere, abiapuntu gisa heriotzaren gaia duen antzezlana da “Mami Lebrun”: Kontxa amona hil berria dutela, Egoitz eta Miren hari azken agurra emateko omenaldia prestatzen hasiko dira eta, amonaren etxeko ganbaran, haren iragan ezezagunaren berri ematen duten eguneroko eta eskutitzak topatuko dituzte; gazte zelarik, Kontxa Pariseko kabaret batean aritu zen lanean. Abiapuntu hori hartuta, memoriaz, iraganaz eta heriotzaz hausnartzeko bidea irekitzen du antzezlanak eta epaimahaiak bereziki baloratu du heriotzaren atala «naturaltasun osoz» eta «oso era egokian» jorratzen asmatu izana.

Azkenik, euskararen erabilerari dagokionez «lan biribila» egin dutela eta pertsonaiak euskalkien bidez bereizten direla aipatu du epaimahaiak eta, antzezleen lanari begira, «zirrara sortzeko» erakutsi duten gaitasuna eta dantzan eta kantuan «trebetasunez» aritu izana goraipatu dute.

Euskarazko antzerkia

&dcThree;Sariaren berri atzo eman zuten Donostiako Victoria Eugenian antzokian eta bertan izan ziren antzezlanaren zuzendari Getari Etxegarai eta hiru antzezleetariko bi, Kepa Errasti eta Ainara Ortega (Ane Pikazak ezin izan zuen bertaratu).

Hitza hartuta, Errastik eskerrak eman zizkien epaimahaiari zein programatzaileei, eta Donostia Sariaren erreferentzialtasunaz mintzatu zen: «Sari hau niretzat erreferentzia bat izan da azken urteetan, bai irabazi dutenen zein irabazi ez dutenen aldetik ere. Euskaraz programatzeak bere zailtasunak ditu eta sari hau bada bidea errazteko modu bat». Alde horretatik, Donostia Saria eskuratzeko lehian parte hartu duten taldeen lana goraipatu zuen, «euskaraz antzerkia ikusi ahal dadin egiten duten lanagatik». Lehian parte hartu dute iaz Donostiako oholtzetan ikusi ahal izan ziren hemeretzi euskarazko antzezlanek, besteren artean, Tanttakaren “Soka”, Txaloren “Jainko basatia”, Metrokoadroka & Pez Limboren “Miss Karaoke” edota Tartean-en “Ez Dok Hiru” ikuskizunak.

Etxegaraik ere eskerrak eman eta etxean saritua izateak poz bikoitza dakarkiola aipatu zuen: «Hamasei urte daramatzat Bilbon bizitzen. Beti da ohore bat zure herrian onarpena jasotzea, batez ere gu bezala hasiberriak garen konpainia izanda eta ikuskizun honetan arriskuak hartu ditugula jakinda».

Saria eskuratzeak onarpena bai baina konpromisoa ere badakar: Chari Goienetxea artista zarauztarraren “Ilargia” eta, laguntza gisa, 10.000 euro jasoko ditu Xakek, eta 2.000 euro gehiago baldin eta 2020. urtea amaitu aurretik euskarazko obra berri bat aurkezten badute Donostian. «Diru hori ez da linboan geratuko: familia osoarentzat ‘Lur’ izena duen ikuskizuna prestatzen gabiltza-eta», aurreratu zuen Etxegaraik.

Saria, esan bezala, martxoaren 27an jasoko dute, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean hain zuzen ere, Victoria Eugenia antzokian 19.30etik aurrera egingo den ekitaldian. Donostia Kulturatik zehaztu zutenaren arabera, taldekideek saria jasoko dute lehenik eta, ostean, lan saritua, “Mami Lebrun”, ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sarrerak, gonbidapen bidez lortu ahalko dira.