Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR LITERATURA

Zirimolak eramanda

L. Frank Baumen istorio ezaguna dugu “Ozeko aztia”; haur literaturan klasikotzat hartu den ipuina. Orain, Uxoa Iñurrietaren itzulpenari eta Ibaizabal argitaletxearen argitalpenari esker euskaraz irakurtzeko parada dugun istorioa.

Lehenik eta behin aipatu behar dugu hau ez dela jatorrizko kontakizunaren itzulpena, Michel Laportek egin duen moldaketarena baizik; eta honelakoetan beti gertatu ohi den bezala zalantzak sor daitezke jatorrizko bertsioa edo moldaketa eskaintzaren artean. Jatorrizkoa irakurtzeko gonbita eginda, onartu behar da esku artean dugun moldaketa hau ongi eginda dagoela eta Baumen istorioari ederki jarraitzeaz eta kontakizunarekin disfrutatzeaz gain jatorrizkoa irakurtzeko gogoa ere pizten duela irakurlearengan.

Liburua hamazazpi kapitulutan banatuta dago eta egitura zirkularra du; hasieran Dorothy bizi den etxola deskribatzen digu, nortzuk bizi ziren bertan eta nolakoak ziren Dorothyren izeba-osabak (neska haiekin bizi baita); gertakarien hasieran zirimolak etxola eramaten du barnean neskatoa eta honen txakurra daudela. Hortik aurrera Dorothy eta “Ttotto” txakurra Ozeko lurralde miresgarrian barneratzen dira, harik eta amaieran etxera itzuli arte.

Ozeko lurraldean lau sorgin bizi dira, bi on eta bi gaizto, hauetako bat hil du Dorothyren etxolak lur hartutakoan, eta ondoren lurraldean zeharreko bidaiari ekin beharko diote neskak eta txakurrak, hainbat lagun dituztela egiteko horretan: txorimaloa, latorrizko aizkolaria eta lehoia. Bidaian Esmeralda hirira joango dira, mendebaldeko sorginaren maltzurkeriak jasan, globo batean irten… gertakariak, fantastikoak, bata bestearen ondoren dauzkagu, eta liburuaren egiturak, kapitulu laburretan eta irudi askoz lagunduta, erraztu egiten du irakurketa. Gainera, hainbat orri trokelatuta ageri zaizkigu argitalpena are ederragoa bilakatuz.

Irakurleak Ozeko lurraldean jazotakoak irakurriz gozatuko du, izan ere, ipuin miresgarri honetan botereak, ahalmenak, lagunak eta etsaiak ageri zaizkigu. Ipuin klasikoetan bezala onak direnak onak izango dira, gaiztoak berriz, maltzur eta bihotz gabekoak. Mendebaldeko sorgina dugu Dorothyren eta honen lagunen etsaia. Bera da lurraldean geratzen den sorgin gaiztoa eta Dorothyk dauzkan zilarrezko zapata magikoak eskuratu nahi izango ditu, baina neskatoari –kopetan daukan markari esker– ezingo dio erasorik egin. Erasorik ez, baina horren ordez neskatoa zerbitzari hartuko du derrigortuta.

Elementu magikoak ere badira L. Frank Baumen klasiko honetan, eta horrela, kontakizun tradizionaletan bezala irakurlea fantasiazko mundu magikoan barneratuko da eta bertan adiskidetasuna, adorea edo irudimena eta inteligentzia erabiltzea zer garrantzitsua den ikusi ahal izango dugu. Dorothyk, horrela, aurre egingo dio mendebaldeko sorginari: «Ez zuen esaldia bukatzeko astirik izan. Dorothyk, haserre bizian, baldekada bat ur bota zion burutik behera. Bat-batean, sorgina urtzen hasi zen, mehartzen, txikitzen. Eta, azkenean, guztiz desagertu zen. Ez zen ezertxo ere gelditu».

Liburuaren amaieran, hegoaldeko sorginak jakinarazten dio Dorothyri nola etxeratu daitekeen: «Zure zilarrezko zapatek begi-kliska batean eramango zaituzte haraino. Orpoak hiru aldiz jo behar dituzu elkarren kontra, eta nora joan nahi duzun esan». Neskatoak, haizearen indarra nabaritzen du airean doala harik eta lur-hartze bortitz samar bat izan arte. «Kansasko soro zabalean eserita zegoen. Baserri berria zuen begien aurrean, zirimolak zaharra eraman ostean osaba Henryk eraikia».

Izebak, besotan hartuta, galdetzean nondik datorren, Dorothyk honako esaldi honekin ematen dio amaiera ipuinari: «Ozeko lurraldetik! Eta Tttotto ere itzuli da. Ai, izeba Em! Hau poza, berriro etxean!».

“Ozeko aztia” ipuin klasikoaren bertsio duina dugu hau. Interesgarria gure Mendebaldeko gizartean duen oihartzunagatik eta tradizioan duen pisuagatik. Eta orain euskaraz ere goza dezakegu.