Jon ORMAZABAL
PILOTA

Errepikatzea erronka

2000. urtetik Olaizola II.ak eta Martinez de Irujok baino ez dute lortu Buruz Buruko txapelari eustea.

Gertatzen ari denaren inguruan hausnarketa handirik egiteko betarik gabe, Buruz Burukoa fase erabakigarrienean sartuko da lau zerrendaburuak lehian hasiko diren asteburu honetan. Tartean izango da Oinatz Bengoetxea txapelduna, profesional izaten jarraitzen dutenen artean, Aimar Olaizolarekin batera, Buruz Buruko txapel bat baino gehiago duen bakarra. Hori bai, Goizuetakoa da, 2012 eta 2013koekin, bi txapelketa jarraian irabazi dituen bakarra, eta horixe lortzea izango du Oinatzek, larunbat honetan hasita, hurrengo erronka.

Atanotarren, Gallastegiren, Azkarateren edo retegitarren garaietan ohikoa zen pilotari bera zenbait urtez txapeldun irtetea, baina lekutan geratu dira sasoi horiek. Mendez aldatu ginenetik hamar txapeldun ezagutu ditu Buruz Burukoak –Eugi, Beloki, Barriola, Patxi Ruiz, Martinez de Irujo, Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a, Xala, Urrutikoetxea eta Irribarria– eta Goizuetakoa eta Iberokoa dira argi agindu dutenak, bien artean 17 txapel horietatik bederatzi eskuratuz, 5 Irujok eta 4 Aimarrek.

Eurak dira txapela bi urtez jarraian errepikatu duten bakarrak eta bi mito horietara ahalik eta gehien gerturatzea da Oinatz Bengoetxearen erronka. Bi txapel irabazi ditu jokatutako bi finaletan –2015ekoan min hartuta Urrutikoetxeari utzi behar izan zion bere lekua–, eta hirugarrenerako bidea larunbat honetan hasiko du Iruñeko Labrit pilotalekuan, distantzia honetan bere lehen bi garaipenak aurten eskuratu dituen Danel Elezkanoren aurka.

Bi hilabete prestatzen

Bi hilabete inguru daramatza horretarako prestatzen eta «ongi eta gogoz» aurkitzen omen da leitzarra lehia hasi bezperatan. «Iaz ikaragarriko txapelketa egin nuen, niretzat sekulakoa izan zen, baina aurtengoa beste txapelketa bat da, gauzak oso desberdin joan daitezke eta lehen partida horretan dena ematea da nire lana. Txapelketa polita da, baina aldi berean oso gogorra niretzat, jotzaile asko dago, gazteek ahalmen ikaragarria dute, ni motzagoa naiz eta edozeinen aurka sufritu egin beharko dut».

Ez dirudi hori izango denik Elezkanoren kasua; bietako inor ez da-eta kolpez aurkaria erabat gainditu dezaketen horietakoa. Hori bai, Oinatz astelehenean Tolosan izan zen propio, parean izango duen aurkaria bertatik bertara ikusten. «Biak oso aurkari txarrak ziren eta Danel halaxe da. Iristen zaizuna beti iruditzen zaizu izan zitekeenik eta txarrena, eta gauzak oso ondo egin beharko ditut irabazi nahi badiot», azaldu zuen leitzarrak.

Faborito ez izan arren, Zaratamokoaren garaipenak ez du ezustean harrapatu. «Lehen partidan Danel oso ondo ikusi nuen eta duen sake hori buruz buru jokatzeko dagoen eraginkorrena da. Binaka ez dio horrenbesteko etekinik ateratzen, baina manomanistarako perfektua da. Gainera, oso pilotari gogorra da, beti ondo jarrita egoten dena, eta batez ere nabarmenduko nuke oraintxe bertan ezkerraz duen eraginkortasuna, angeluak bikain zabaltzen ditu eta bolea ere oso indartsua du. Oso kontuan izateko aurkaria da».

 

«Aukeran, Binakako finala jokatuta eta prestatzeko denborarik gabe»

Aurtengo Buruz Burukoak badu berezitasun bat, txapela janzteko faborito handienen artean gutxik igaro zutela Binakakoan lehen fasea, eta Bengoetxeak berak, Urrutikoetxeak edo Irribarriak nahi adina denbora izan dute lehiaketa mimoz prestatzeko. «Denbora asko izatea askotan ez da ona izaten. Denok gaude prestatuta eta ez da aitzakiarik zentzu horretan, baina ikusi da Danelek apenas izan duela prestatzeko aukerarik eta, hala ere, sekulako jokoarekin dagoela eta bi partida izugarri jokatu dituela. Azkenean onena Binakako txapelketa jokatu eta prestatzeko aukerarik gabe iristea izan daiteke», azaldu zuen Bengoetxeak Tolosan.

Orain arteko emaitzek, Zabaletaren kasu berezia kenduta, arrazoia ematen diote leitzarrari eta Artola, Victor, Laso edo Arteagaren kasuetan esaterako, nabarmena izan da lehiaketa honen krudeltasuna. Atzetik izerdi eta lan asko egon arren, hilabeteetan landutako dena lehia bakarrean jokatu beharra dago eta horrek jartzen duen zama eramatea ez da erraza izaten. Lehiak, ordea, horixe izaten dira, momentu zehatzak, eta prest egon beharra dago.J.O.