Aloñako Igoeraktxapelak banatu ditu
Hilak 22an jokatutako lasterketa Euskal Herriko banakako zein taldekako txapelketetarako baliagarria izan zen. Seniorretan, Oihana Azkorbebeitia eta Imanol Goñi gailendu ziren. Bien bitartean, Euskal Mendizale Federazioko selekzioa bikain ari da Espainiako Kopan.
Mendi lasterketen denboraldi luze eta zabal honetan, joan den hilak 22an hitzordu nagusi bat jokatu zen. Aloñako Igoerak Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Euskal Herriko banakako zein taldekako txapelketak jaso zituen. Oñatiko mendi lasterketaren hamalaugarren ekitaldirako, aurrekoetan bezala, antolatzaileek mimo handiz prestatu zituzten hitzordu handi honen nondik norakoak. Eta, oro har, lasai asko esan daiteke Aloñako Igoeraren inguruan dena primeran atera zela.
Gainera, lasterketan parte hartu zuten 350 korrikalariek eguraldia lagun izan zuten. Euskal Herriko Txapelketa izanik, lehen lerroan dabiltzan lasterkari asko irteera puntuan egon ziren. Eta hori lehen sailkatuek eginiko denboretan ikusi zen.
Oñatin txapela asko banatu ziren; izan ere, banakako lehiek hainbat maila izan zituzten: seniorrak, promesak, beteranoak eta juniorrak.
Nagusiek 22,6 kilometro eta 1.868 metroko goranzko desnibela zuen ibilbideari egin behar izan zioten aurre. Gazteenen ibilbideak, berriz, 16 kilometro eta 1.000 metroko desnibel positiboa zuen.
Izen-emate epea amaitu bezain laster, argi zegoen Oñatiko irteera puntuan egungo euskal korrikalari sasoikoenetarikoak izango zirela. Seniorren maila da arreta gehien jasotzen duena, eta, aurreratu dezakegu, denetarik izan zela. Horrekin esan nahi dugu emakumezkoetan soilik izen bat gailendu zela. Eta hori Oihana Azkorbebetiarena da. Faboritoa zen, eta, jakina, ez zuen hutsik egin. Mutiletan, berriz, askoz ere emozio handiagoa egon zen, eta, azkenean, txapela Imanol Goñik jantzi zuen.
Nesken lasterketari dagokionez, aurreratu dugu korrikalari abadiñarrak oso aise irabazi zuela. Aloñako Igoerara iritsi baino lehen, Azkorbebeitia zazpi lasterketetan parte hartua zen, guztiak ala guztiak patrikara eramanez. Zortzigarrena, beraz, Oñatikoa zen.
2.28.11 denborarekin amaitu zuen Aloñako Igoera, baina aipatu behar dugu Urtiagainen Majida Maayouf gasteiztarra lehena zela. Azkorbebetitia atzetik zegoen, baina Aloñatik lehen postuan pasa zen. Hortik aurrera abadiñarra, inolako estutasunik gabe, lehen lekuan mantendu zen, helmuga puntuan lehena izanez. Hirugarrenez, Azkorbebeitia euskal txapelketarekin egin da.
Bestalde, Maayoufek jaitsiera osoa bigarren postuan egin zuen, baina, helmugarako oso gutxi falta zela, Vanessa Pelaezek aurreratu zuen. Horren ondorioz, gasteiztarrak hirugarren postuarekin behar izan zuen konformatu. Pelaezek 2.35.52 denbora egin zuen, Azkorbebeitiak eginikoa baino zazpi minutu eta 42 segundo gehiago. Andoaindarraren atzetik, esan bezala, Maayouf helmugaratu zen (2.36.38).
Gizonezkoen lasterketan, bestalde, Goñik, irabazteaz gain, denbora ederrak egin zituen. Errekor bat hautsi zuen, eta bigarrena, oso gutxigatik, ez zuen lortu. Lehenean, Aloñako gurutzean hartzen den horretan, Natxitua-Eako korrikalariak 48 minutu eta segundo bateko denbora egin zuen. Bigarrenean, berriz, bost segundogatik ez zuen errekor berria ezarri. Hain zuzen ere, helmuga puntuan eginiko denborari buruz ari gatzaizkizue. Bizkaitarraren denbora honakoa izan zen: 2.00.09.
Aipatu behar dugu tropelak hasiera-hasieratik erritmo bizia jarri zuela. Eta hasieratik haren buru Goñi bera joan zen. Atzetik, Walter Becerra, Julen Larruzea eta enparauak zituen. Alabaina, Goñi ez zen beldurtu, erritmo bikaina mantendu zuen eta, zentzuzko lasterketa egin eta gero, garaipenarekin egin zen. Euskal Herriko Txapelketa lehenengoz irabazi du.
Bigarren sailkatua Becerra izan zen, irabazlearengandik 58 segundora. Eta, hirugarrena, Larruzea (2.04.34).
Banakako beste sailkapen batzuei dagokienez, esan behar dugu promesa mailan Janire Agirre eta Xabier Macias izan zirela onenak. Ainara Uribarri eta Martin Diez izan ziren bigarrenak, eta, Axier Albizua, hirugarrena.
Juniorretan ez zen nesken ordezkaririk izan. Txapela Jon Eleztenarentzat izan zen, bigarren postua Ander Gabiñarentzat eta hirugarrena Xuban Mendiolarentzat. Eta beteranoetan, Nerea Amilibiak eta Unai Santamariak irabazi zuten. Bigarren postuak Jaione Mendijur eta Luis Mari Dacostak eraman zituzten. Eta hirugarren sailkatua Axier Albizua izan zen.
Esan dugu taldekako txapelketa ere izan zela jokoan Oñatiko proban. Eta maila horretan ez zen inolako ezustekorik izan. Sestao Alpino-Grafsestao taldea indartsuena izan zen Aloñako Igoeran. Zortzigarren urtez jarraian irabazi du Euskal Herriko Txapelketa.
Espainiako Kopa
Bestalde, Fedmek antolatutako erregulartasunaren zirkuituan, Espainiako Kopan, euskal ordezkariak emaitza bikainak lortzen ari dira.
Dagoeneko bi proba jokatu dira. Lehena, martxoaren 25ean izan zen: Trail de los Tajos. Ibilbidea: 32 kilometro eta 2.200 metroko desnibel metatua. Malagako Alhaurin el Grande herrian antolatutako lasterketan euskal ordezkari batek garaipena erdietsi zuen. Ane Urrutiari buruz ari gatzaizkizue. Kadete mailan hartu zuen parte, eta aitor dezakegu aise irabazi zuela; izan ere, bigarren sailkatuari bost minutuko aldea atera zion. Bosgarren sailkatua Irene Iturria izan zen. Bi euskal korrikalari hori Alpino Uzturre elkartekoak dira.
Beste mailetan, berriz, Euskal Mendizale Federazioko ordezkariak lehiatu ziren. Seniorretan, Mayi Mujika bosgarren izan zen. Postu bera lortu zuen mutiletan Julen Martinez de Estibarizek. Beteranoetan, Iban Letamendi hirugarren izan zen; sailkapen orokorrean, berriz, hamargarren postua sinatu zuen.
Espainiako Koparen bigarren hitzordua iragan 16an izan zen. Euskal ordezkariak Caceresko Jerte bailaran izan ziren. Garganta de los Infiernos izeneko lasterketak 27 kilometro eta 1.700 metroko desnibel positiboa zuen. Denera, euskal selekzioko sei lasterkarik hartu zuten parte. Eta guztiak ala guztiak lehen hamarren artean sailkatu ziren.
Azpimarratzeko modukoa da Asier Larruzeak eginiko lasterketa. Debutaria zen bai euskal selekzioan baita Espainiako Kopan ere, eta goi mailako bigarren postua lortu zuen. Atzetik aurrera jardun zuen, eta, gainera, irabazlea estu hartu zuen azken txanpan, ez harrapatzeko adina baina.
Gueñesekoa denboraldi bikaina osatzen ari da. Momentuz, Euskal Mendizale Federazioko rankingeko liderra da, eta Espainiako Kopan indarrez sartu da. Martinez de Estibarizek Malagako hitzordutik postu bat hobetu zuen: laugarren izan zen. Letamendik seigarren amaitu zuen. Asier Alonso hamargarren postuan sailkatu zen. Eta Xabier Maciasek, selekzioan debutaria bera ere, promesa mailan irabazi zuen; sailkapen nagusian zazpigarren bukatu zuen.
Nesken mailan, Mujikak laugarren postua sinatu zuen; Malagan bosgarrena izan zen. Hurrengo hitzordua maiatzaren 6an izango dute.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
