Maider IANTZI
DONOSTIA

Eskola Futurak irakasle elebidunak prestatuko ditu Euroeskualdean

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko hainbat unibertsitatek Eskola Futura proiektua sortu dute, irakasle elebidun izan nahi duten ikasleak prestatzeko. Frantses, euskara eta okzitanierako ikastaro trinkoak eskainiko dituzte. Zabalik dago izena emateko epea, maiatzaren 15era arte, Eskola-futura.eu-n.

EHU, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Bordeaux Montaigne Unibertsitatea, Bordeleko Unibertsitatea eta Akitaniako Irakaskuntza eta Irakasletzako Goi Mailako Eskola (ESPE) hitzarmen baten inguruan bildu dira, mugaz gaindiko lankidetzari bertze bultzada bat emateko. Erakunde gehiago ere batu dira, hala nola Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea eta Euskararen Erakunde Publikoa.

Sinbolismoz betetako ekitaldia egin zuten atzo EHUren Carlos Santamaria zentroan, Donostian. Euskararen Erakunde Publikoko presidente Beñat Arrabitek hartu zuen hitza lehenbizi, proiektu berritzaile hau zergatik eta nola sortu den esplikatzeko. «Gero eta familia gehiagok nahi dute beren umeek euskaraz ikastea, eta irakasle euskaldun gehiago behar ditugu Ipar Euskal Herrian. Gaur egun ez da hautagai nahikorik aurkezten postuak betetzeko. 2016an 12 postu eskaini ziren, beste hainbeste hautagai egon ziren eta seik lortu zuten plaza. 2017an 15 postu eskaini ziren, 10 hautagai aurkeztu ziren, eta hiruk ukan zuten lekua».

Eskola Futurak euskaraz eta frantsesez (eta okzitanieraz eta frantsesez) mintzatzen diren irakasleen falta bete nahi du. Horretarako, bertzeak bertze, EHU eta UPNAko Irakasle Ikasketetako 4. mailako 10 ikasle edo graduatu frantsesez prestatuko ditu Bordeaux Montaigne Unibertsitatean, eta Akitaniako unibertsitateetako 20 ikasle euskaraz trebatuko ditu beste hainbeste denboran EHUn.

Lanpostuak sortu

Euroeskualdeko Batzorde Betearazleko kide eta Lakuako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak azaldu zuenez, ikasleak hemengo hizkuntzetan trebatzeaz gain, enplegua sortzea bilatzen dute. Unibertsitateetako ordezkariak bat etorri ziren hau nabarmentzean: Ituna xumea da, baina eragin handia izan dezake, akademian, lanean, jendartean eta kulturan. «Abiapuntu sendo bat da».

Bilbao: «Borondate politikoa besterik ez da falta jauzirako»

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ideia argi bat helarazi zien atzo Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea osatzen duten alderdiei: «Borondate politikoa besterik ez da falta jauzia egiteko, egun aukera guztiak daude belaunaldi berri euskaldun-eleaniztunak bermatzeko». Bilbaok Kontseiluak hezkuntza sektoreko eragile nagusienekin (Euskal Herriko Ikastolak, Kristau Eskolak, Ehige, Sortzen eta Hik Hasi) jorratutako “Ikasle Euskaldun Eleaniztunak” dokumentua izan du ardatz eskaera hori egiteko. «Urteetan, ikasle euskaldun eleaniztunak arrakastaz sortu dituzten eragileekin jorratutako proposamena da abiapuntua. Hartara, proposamen erreala da Kontseiluarena», adierazi zuen.

Bitartean, Nafarroako Parlamentuan, Iñigo Urrutia EHUko Zientzia Ekonomiko eta Enpresa Fakultateko irakasleak nabarmendu zuen Foru Hobekuntza Legean hizkuntz eskubideen inguruko erregulazio eta jarrerarik ez egoteak foru Parlamentuari euskara Nafarroa osoan ofizial egiteko aukera «izugarri zabala» ematen diola.GARA