Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Antartikako esplorazioan eskalada zaila egin dute

Joan den urtarrilean Mira Dub eta Marek Holecek txekiarrek Pizduch (1.000 m) mendian «Bloody nose» bidea zabaldu zuten. 850 metro luze da eta honako zailtasunak ditu: ED+, M4, WI5+, 95º.

Marek Holecek-ek alpinismoan zein zortzimilakoetan izen handia du. Gogoratu besterik ez dugu iazko udan Gasherbrum I mendiaren hego-mendebaldeko aurpegian zabaldu zuen bide berri gogorra. Alabaina, une batzuetan jakin badaki garaiera handiko erronka horiek alde batera uzten, eta “txikiagoetan” murgiltzen da.

Azkenekoa Antartikan egin du. Hain zuzen ere, joan den urtarrilean, Mira Dub kidearekin batera Pizduch mendian (1.000 m) bide teknikoa zabaldu zuen. Bi txekiarrok 850 metroko marra berriari “Bloody nose” deitu zioten, eta honako zailtasun teknikoak ditu: ED+, M4, WI5+, 95°.

Esan beharra dugu Holecek-ek kontinente izoztu horrekin baduela nolabaiteko lotura estua. Duela lau urte lehen bisita egin eta Samila mendiaren lehen igoera egin zuen. Han zela, Winkle uhartean dagoen Wheat mendiak liluratu zuen, baina eguraldi gaiztoa zela-eta, alde batera utzi behar izan zuen xede hori.

Arantza hori kentzeko, txekiarra Antartikara itzuli da berriro. Lau kiderekin irten zen Ushuaiatik eta, belaontzi batean ohiko bidaia arriskutsua egin eta gero, Lockroy izeneko portura heldu zen.

Kontinente horretako eguraldia eta hango baldintzak ondo baino hobeto ezagutzen dituenez, Holecek-ek ez zuen denborarik galdu nahi, eta eguraldia baretu zenean, Dub-ekin Wheat mendiak dituen banako lau gailurrak igotzera abiatu zen: «Mendiaren oinarrira eskien laguntzarekin heldu ginen. Arratsaldeko ordu biak ziren. Granitozko sekzioen artean zegoen korridore bat aukeratu genuen. Eskalada gero eta bertikalagoa zen, eta, gainera, goialdean elurrezko erlaitz bat ikusi genuen. Nola gaindituko ote genuen? Orduek aurrera egin ahala, zailtasunak gero eta gogorragoak ziren. Horretaz gain, izotza eta elurra erortzen zen. Eta arroka zatiak ere bai. Horietako batek Mirari sudurrean zauria egin zion».

33 ordu

Eskalada hasi eta bederatzi ordura, bi txekiarrok sekzio tenteenetara heldu ziren. Holecekek onartu du tarte horretan zegoen izotza ez zela batere egokia: «30 metroan ezin izan nuen torloju bat bera ere jarri. Oso urduri nengoen, inguru honetan eroriko txar batek ondorio oso-oso larriak izan ditzakeelako».

Bidearen giltzara heldu ziren bi protagonistok; hots, arestian aipatu dugun elurrezko erlaitzera: «Elurra oso-oso biguna zen, eta erlaitza puskatzeko zorian zegoen. Une jakin batzuetan kranpoiek zein pioletek ez zuten ezertarako balio».

Goizeko ordu bietan jo zuten gailurra bi alpinistok. Igotako tontorrak ez zuen izenik, eta Pizduch jarri diote. Jaitsiera ere ez zen batere erraza izan. Marra seguruena aurkitzeko beste lau gailur eskalatu behar izan zituzten. Azkenean, mendiaren oinarrira onik iritsi ziren. Jarduera osoak 33 ordu eskatu zien.