Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Entseguen aroa, prefosta!

Betiko katedrala behin-behineko erruki-etxe bihurtua, kolpea gero! zigor-kolpea gero! Futbolaren katedralaz nabil, egunotan errugbi-etxe bilakatua. Aldaketa inportantea futboletik errugbira doan hori. Aldaketatan hain urriak garen herri honetan halakorik gertatzea balioetsi behar da. Hala, errugbiak iparrari begira jartzen du gure orratza, iparreko iparraldeari begira, futbolak betiko hegoari begira jartzen duen bitartean.

Futbolean golak baino ez du balio eta eskuak ezin erabili, atezainak salbu. Errugbian, ostera, atezainik ez nahiz eta ateak handiagoak izan, eta entseguak dira funtsa, horretarako gorputz-adar guztiak erabili daitezkeela, modu osagarrian. Bada alderik jokoaren filosofia aldetik, eta ez bakarrik zelaian, harmailetan ere bai! Are gehiago, errugbiko harmailetan edateak ez omen du liskarrerako bidea zabaltzen; futbolekoetan, berriz, nahikoa da ikusle-talde bat ezkontza otordu batetik etorri eta korrokadatxotan hastea jokoa zelaitik harmailetara pasatzeko eta brigada mugikorra kalean goma-bolatan hasteko. Mon Dieu!

Bai, denbora laburrean iparraldetik hegoalderatu den bigarren albiste handia, errugbiarena. Hor ari dira, urte gutxira begira, errugbi liga gauzatu gurarik, zazpi euskal lurretan. Aldaketa gero! ohiko politikari zigor-kolpea gero!… Prefosta! Esango dutela gaur herri-urratsetan. Datorrela errugbia hegora! Hasi bedi entseguen transformazio aroa hegoan! Orduantxe hasiko naiz denbora berrian sinesten.

Bitartean, hor ari dira, estatus berriaren harira, lantalde horren argira. Edo itzalera. Hitza noiz hitzartuko, hitzaurrean momentuz. Erabakitzeko eskubidea batzuk. Ko-Eusko ko-Jaurlaritzakoak ko-erabakitzeko ko-eskubidea. Ez-erabakitzeko ez-eskubidea beste batzuk… Ama, ama! errugbiaren filosofia barneratuko balute sikiera!