2018/05/16

ETBko 41 langileren kontratuak mugagabe bihurtzea lortu du LABek

Sindikatu abertzaleak agerraldi bat egin zuen atzo, azken urteetan Euskal Telebistaren kontratazioen inguruan izandako epaiketen ondorio garrantzitsuak azaltzeko eta horri buruzko txostena aurkezteko. Besteak beste, egunkako kontratu mordoaren berri eman zuten.

GARA|BILBO
0516_eko_lab

LABeko ordezkariek atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan argitara eman zituzten azken urteetan ETBn egindako borroka tekniko-juridikoaren emaitzak. Hedabide publikoaren hainbat kontratutan «bitxikeriak» izan zirela ohartarazi zuten, eta Lan Ikuskaritzan eta epaitegietan jarritako salaketa indibidualen ondorioz, «oraingoz 41 langileren egoera onartezina bideratzea» lortu dutela baieztatu zuten atzo.

Bideratzea aipatutakoan, iruzurrezko hitzarmen horiek «mugagabe ez finko» bilakatzea lortu dutela adierazi nahi dute. Izan ere, hamahiru langilek merkataritza kontratua zuten, hau da, autonomo faltsuak ziren: «Autonomoetan alta eman gabe, Gizarte Segurantzan kotizatu gabe eta BEZik ordaindu gabe». Beste hamabik «artista» kontratua zuten, lan hitzarmenean jasotzen ez den figura; eta, azkenik, hamaseik gaizki egindako hitzarmena zuten, ordezkapen eta lan-pilaketa kasuetan.

Bestalde, kasu horiek bakanak ez direla ohartarazi zuten eta hori egiaztatze aldera, datu batzuk plazaratu zituzten. Esaterako, iaz, batez beste 4 eguneko 2.067 ordezkapen kontratu egin ziren. Lan pilaketen kasuan, batez beste 1,95 eguneko 1.838 hitzarmen sinatu ziren.

Horren inguruan LABek jarritako salaketei Auzitegi Nagusiak emandako epaiak argitzen duenez, oporren eta librantzen ordezkapenak estrukturalak izan behar dira; beraz, ezin dira lan pilaketen bidez gehiago egin: «Sententzia guztietan argi geratzen da ETBn ezin dela lan-pilaketa kontraturik egin, hauteskunde garaian izan ezik».

Bestelako iruzurrak

Iruzur hauekin «ETBk dirua aurreztu baino, langileen ordutegiak eta lanaldiak malgutzea bilatu» duela ondorioztatu zuen sindikatuak. Txostenean zehaztu dituzte lan hitzarmenaren eta legediaren urraketa gehiago.

Nabarmendu zuten egunkako kontratu mordoa izan direla. 17 urtetan, adibidez, hiru langilek 600, 1.000 eta 1.300na kontratu izan zituzten, «horrek dakarren ezegonkortasunarekin».

Gizarte Segurantzari iruzur egitea ere salatu zuten 7 lan egunengatik 5 bakarrik kotizatu izan zaielako. «Hemengo langileen pentsioetan egindako lapurreta ez da kasu honetan Madrilen errua», azpimarratu zuten ordezkari sindikalek.

Azaleratu zuten heriotzagatik, erretiroagatik edo bestelako arrazoiengatik joandako langile bakoitzagatik beste lanpostu bat sortzeko konpromisoa jasotzen dela lan hitzarmenean, bakanteak betetzea alegia. 66 kasutan bete ez denez (48 Bilbon eta 18 Miramonen) salaketa bana jarri dutela abisatu zuten, Gipuzkoa zein Bizkaiko Lan Ikuskaritzan, «bi lan zentroetako langile egiturak bermatzeari begira bide juridikoa irekitzeko asmoz».