2018/05/17

Hendaiakoop janari denda parte-hartzailea sortuko dute Udalaren sostenguz

130 metroko azalerako lokala utzi du Herriko Etxeak sustatzaileen esku. Saltoki handiekin alderatuta ekoizpen osasuntsuak arrazoizko prezioetan nahi ditu eskaini kooperatibak bazkidetza sistema baten bidez.

Maite UBIRIA BEAUMONT|HENDAIA
0500_eh_hendaiakoop

Portuko kaleko 10. zenbakian, Gazte Informazio Bulegoaren aitzinean, zabalduko ditu bere ateak kontsumitzaileen jarrera arduratsua sustatu nahi duen dendak. 130 metroko azalerako lokala hutsik dago oraindik, baina Hendaiakoop egitasmoaren bultzatzaileak prest dira lanak abiatzeko.

2015. urtean egikaritu zen Otsokop proiektua dute eredu, baita laguntzaile ere. Angelun plantan eman zuten «saltoki test» horretan «elkarrekin lan egiteko eta beste modu batean erosteko ohiturak» sustatu dituzte. Behin zutabeak jarrita, Otsokopeko bazkideak «eguneroko erosketa toki berean egitea» ahalbidetuko lukeen supermerkatua garatzeko bidean dira.

Hendaiakoopek herritar kontsumitzailea aktore aktibo gisa hartzen duen lan filosofia horrekin bat egiten du. Kalitatezko mozkinak nahi dituzte proposatu ekoizle eta kontsumitzaileen artean gertuko harremanak bultzatuko dituen dendan.

«Ez gara izanen ez frankizia bat, ezta prezioak hautsi nahi dituen saltokia ere», azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek. Hori argituta, «ekoizle eta erosleen arteko bitartekaritza katea laburtuz, eta bazkideen lan boluntarioari esker, tokiko produktu osasuntsuak prezio eskuragarrietan eskaintzea» dutela xede nabarmendu dute.

Bazkideen arteko auzolana

Zirkuitu laburra hobetsita, salneurri interesgarriak eskaini ahal izateko «dendaren funtzionamendua ahal den eta merkeena behar dela izan» azaldu dute. Hartara, bazkideek lau astean behin hiru orduko lanaldia egiteko konpromisoa hartuko dute.

«Eredu honen bidez, kontsumitzaileen arteko harremanak garatzearekin batera kostuak tipitu ahal izanen ditugu, prezio eskuragarriak eskainiz; gure asmoa ez baita dirudunentzat saltokia irekitzea, baizik eta herritar guztientzat kontsumo eredu alternatiboa bat garatzea».

Ekimenaren xehetasunak emateko biltzarra, gaur

Hendaiakoopek biltzarra antolatu du gaurko, 20.00etan, Varietes zinema gelan, saltoki parte-hartzailearen nondik norakoak emateko. Aitzinetik, ekimenari buruz hainbat irizpide ezagutzera eman du. Hala nola, bazkide izan nahi duten herritarrek 100 euroko ekarpena egin behar dute (10 eurokoa, diru sarrera apalak dituztenen kasuan) eta elkarteak lortuko dituen hobariak proiektua hornitzeko erabiliko dituzte. Bazkideek boluntario lana eginen dute «dendaren ibilmoldea barneratzeko eta elkarteko kideen arteko harremanak lantzeko». Gauzak errazte aldera, bazkideak ordutegia eta eginbeharrak ahalko ditu aukeratu, SCIC Monepi kooperatibak dohainik proposatuko duen plataforma digitala baliatuz. Debaldeko lanak ahalbidetuko du ibilmolde kostua %75 murriztea. Gastu apaltze horri esker, irabazi tarte neurtua (%15-16) ahalko dute finkatu bazkideei prezio onuragarriak eskaintzeaz gain (%20-40 apalagoak) hornitzaileei prezio zuzenak bermatuz. Era horretan «zirkulu bertutetsua» borobiltzea espero dute. M.U.