GARA
EIBAR

172 eguneko grebaren ostean Alfan 70 lanpostu mantentzea lortu dute

Alfako enpresa batzordeak amaitutzat eman zuen langileek 172 egunean egindako behin-behineko greba. Arrazoia konkurtso-administrazioarekin akordio batera heltzea izan da; horren bidez 70 lanpostu mantentzea ziurtatu baitute, guztiak Alfako egoera berean bermatuta.

Hitzarmenean, besteak beste, kalte-ordainketetan hobekuntza nabariak onartzea lortu dute eta grebalarien grebarako eskubidea urratzen saiatzeagatik enpresa langileak konpentsatzera derrigortu dute. «Laburbilduz, kalitatezko lana mantentzea eskuratu dugu, baita zuzendaritzaren jarrera zigortzea ere, langileek jasandako eskubide urraketa onartzearekin batera», adierazi zuen batzordeak.

Era berean, goraipatu egin zuten duela sei hilabete beharginek abiarazitako borroka. Izan ere, beraien ustetan, enpresak «joko zikina» egiteko erabili dituen Alfa en Comun-eko ordezkarien jarrera pairatu behar izan dute eta greba eskubidearen urraketan «eskirolak» funtsezkoak izan zirela kritikatu zuten.

Aukeraketa prozesua

Gogorarazi zuten bost urtean 800 langiletik 180 langilera pasatu zirela eta horregatik, industriako agintarien jarrera ez ezik –langileen soldatak jaitsi eta zuzendaritzakoen artean 2.289.092 euro banatu– Lakuako Industria Sailaren jarrera «lotsagarria» salatu zuten.

Horrez gain, 70 postu betetzeko erabiliko den aukeraketa prozesuarekin kezkatuta azaldu ziren eta adi ibiliko direla abisatu zuten: «Daukagun beldurra da grebalariak zigortzea eta eskirolei beraien jarrera saritzea».