Mendeurrena
Aurten James Joyceri lotutako bi mendeurren ospatzekoak gara: 1918ko martxoan “Ulysses” nobelaren lehen orrialdeak argitaratu zituen “Little Review” aldizkariak, eta urte bereko maiatzean Irlandako egilearen antzezlan bakarrak, “Exiles”-ek (Erbesteratuak), argia ikusi zuen Londresen, Grant Richardsen eskutik. Onena, ordea, etortzeko dago.
Literatura modernistaren zale, jarraitzaile, ikerlari eta adituentzat urte borobila izatekoa da 2022a, “Ulysses”-en liburu-bertsioa zein T. S. Elioten “The Waste Land” argitaratu zirela ehun urte betetzekoak baitira orduan. Espero izatekoa da urteurrenaren harira bi lanen gaineko argitalpen uholde batek jotzea merkatua. Bitxia da, zinez, hil eta gero Joyce negozio oparo bihurtu dela pentsatzea; pobretasunak jota idazmahai gisa maleta zahar bat erabili behar izan zuen Joyce bera; gela argiztatzea garestiegia zenean orri gainean argitasun gehiago islatu nahian zuriz jantzi ohi zena eta bizirik zela bere fikziozko lanak argitaratzeko hainbeste ezezko, zentsura, arazo izan zituen berbera. Tim Conleyren “Useless Joyce” (Alferrikako Joyce) liburuaren atal interesgarrienetako bat eranskin bat da, non 1897-2015 epealdian «Joyce negozioak» izandako hazkundea autolaguntzarako liburuen argitalpen kopuruarekin parekatzeko aukera ematen zaion irakurleari. Emaitzak ez dio inori kale egingo. Ziur aski Joycek berak barre egingo luke kontu honen gainean eta ironikotzat hartu ere. Ez ote zuen Ulyssesek, bada, irlandar arruntaren erretratua eskaintzen, hain zuzen, bere buruari lagun ziezaion?

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
