Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ama, ama!

Errugbia joan da, Bilbon prezioen gaineko eztabaida utzita. Libre ei den merkatuan askatasuna eta libertinajea nahastu egiten diren seinale; lehiakortasuna askotan leiala ez den seinale. Tira, harira! Hiriburutik hiriburura! Iragarria dute dagoeneko hurrengo kirol-ekitaldi handia Gasteizen izango dela, saskibaloia! Euskaditik atera gabe, Donostia geratzen da zain, eta badirudi hasiak direla tamainako ikuskizuna erakartzen … munduko sumo txapelketa, agian. Denborak esango du hola den, baina jelkideak selekzioa prestatzen ari diren zurrumurrurik zabaldua da Aralarreko pistetatik…

Prentsako orria pasa eta hara! zeinek ulertu Espainiako eskumarena? Nafarroan jo eta ke ari dira euskararen kontra, nonbait c-gabeko berbak ez baitituzte horien belarriek sartzen uzten, ez eta urdailak digeritzen ere, eta euskaldunok korrika bezala eurak korroka hasi dira. Hori bai, ez dute mezurik eskuz esku pasatuko, hainbeste esku ez dutelako, eta ez dute errepideetatik eramango, bazterretan oraindik ere badiren hildakoen gorpuzkiak ez altxatzeko. Gainera, mezurik ere ez dute.

Baina kolpea gero! Nafarroan kontra ari diren bitartean, beheko Kongresuan euskara erabiltzen dira hasiak! Tribunatik! Seguruenik, euskara gehiago egingo dute aurrekontuen harira jelkideekin batzartzean. Tira, egia da hitz gutxi izan direla orain arte, «aprobetxategi», «agur» eta «zulo», baina baikor pasiboa izateko motiboa sikiera ekarri du saiakerak. Horra kasuko ere, Euskadin bertan egin berri duten kanpaina, errenta-aitorpenaren paraleloan, “Zerga” izena jarrita! E? Apurka-apurka…

Horra! Koreako alde bietan euren arteko liskarrak momentuz bazterrean utzi eta hor ari dira adi, hemen LAB eta ELAren artekoa segitzen, Txina itsasoko uretako tentsioa Kantaurira mugitu dela... Ama, ama! euskal labela arriskuan!