Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Min ematen dit

Min ematen dit kurduen, siriarren, sahararren, maliarren, sudandarren, palestinarren eta –kapitalarentzat eta harrokeriaz, diru-gosez eta, batez ere, eskrupulurik gabe agintzen dutenentzat salbu– inolako zentzurik gabeko gerra hauen guztien biktima izaten ari diren guztien sufrimenduak. Min ematen dit, haietako bat banintz bezala. Izan ere, nolabait, banaiz, planeta osoko pertsona guztiok gara. Aldez edo moldez, baina denok gara, salbuespenik gabe. Gaur, gogoan dut Ekialde Hurbila, non egunero ehunka lagun hiltzen diren, beste asko zauritu egiten dituzten, edo “nazioarteko komunitatea” delakoak abandonatuta dauden, beren etxeak nahiz ondasunak suntsituta eta ia jatekorik gabe; gogoan ditut, besteak beste, Afrineko, Alepoko, Gazako herritarrak.

Joan den astean, Israelgo Gobernuaren armadak –AEBek txalotuta eta Europako Batasunaren isiltasun konplizeak babestuta– berriz eraso zion benetako suaz errukirik gabe Palestinako biztanleria zibilari, tiragomak eta harriak beste armarik gabea. “Haurrak eta emakumeak aurrena” esamoldea errealitate bihurtuta ikusi dugu, gerrarako material sofistikatuaren (hori ere hemen egina ote?) biktimen artean. Emakumeak eta umeak, gerra eta ondorioak gehien pairatzen dituztenak. Emakumeak, beren herrialdeak bizirik iraunarazten dituztenak, errefuxiatuen esparruetan bizitzari ahal bezala eutsiz. Emakume ausartak, herrikideekin batera beren herrialdeen autodeterminazioaren eta duintasunaren alde borrokatzen direnak.

Palestinak (ai Palestina!) 70 urte baino gehiago daramatza gerra nozitzen, Israelgo Estatua palestinarrak akabatzeko egiten ari den hori. Haien lurralde legitimoaz jabetuta segitzeko, besterik ez, indarrez, kolonoen okupazioaren bidez (Mendebalde “xaloan” hasieran hainbeste inbidia eragiten zuenarekin, ederki antolaturiko kibutzak zirela eta, Arrasateko kooperatibak balira bezala), munduko beste herrialde batzuek, AEBak nagusiki, emandako milioika dolarrekin, beren aldeko hedabideekin…

Bitartean, zertan dabil NBE? Bada, Giza Eskubideen Batzordearen batzar urgentean Israel salatzen: «Gerrako krimenak egiten ari da, eta Palestina okupatuta izateari utzi behar dio». Aurpegia behar du, benetan.

Israelgo herria bertako andrazkoek baino ez dute salbatzen, beren biziak arriskuan jarrita astero Tel Aviven emakume palestinarrekin batera bake justu eta iraunkorra aldarrikatzen duten horiek, bake justu eta iraunkorra, eta… norberari dagokiona!