Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Errendatu pianoak

Uda-atariko zutabea da hau, musikak larrua mudatu, eta zeozer ezberdin, jendetsu, pozgarri eta, barkatu, pixka bat aspergarriago bihurtzen den garaikoa. Bai, iristen ari da, gorde disko tristeak, sutondoko emanaldiak, jaso gitarra eta jantzi praka motzak, bildu galderak eta errepikatu erantzunak, eternalak, betikoak.

Aro emankorra gertatu da hala ere, aspaldiko negu amaiera, eta udaberri emankorrenetakoa izan da 2018koa euskal musikarentzat. Beraz, etor dadila beroa bere koloretako atorra, lelo errepikakor eta dantzatxo robotikoekin, bere axalkeria guztiarekin, ez baitago musika txarra bezalakorik ongi pasatzeko, edo hori dio termodinamikaren laugarren legeak. Ziklo aldaketak on egingo digu, behar dugu atseden, hain kontu sakon, pertsonal, larriak albo batera utziz. Zer da-eta musika ona, ez bada egunsentiarekin ekipo txar batek, listu gisara, botatzen duen kantu arraildu hori?

Horregatik, nahiz badakidan zaila dela, espero dut aurten euskal uda-kantaren bat gertatzea garaile musika “sinploien” borroka gupidagabean. Eduki dezagun zerbait gogoratzeko, udazkenean Durangoko lasterketa hasi baino lehen. Une gozagarriren bat, non modako dantza txikitu genuen, lotsarik gabe, jendaurrean. Karaoke hori, non kantu gorrotagarrienak desafinatu genituen. Egun argitan, azken txosna ixtearekin batera, 35. urtez, etxerako bidean laguntzen dizun La Pollaren lehenengo diskoko kantu hori bezalaxe. Uda baitator.