GARA
BILBO

Enpresa txiki eta ertainei zuzenduta egingo da Global Innovation Day jardunaldia

Ekainaren 13an egingo da Kursaalen eta Metal Estalki eta Symplio enpresek, besteak beste, beren esperientzia partekatuko dute berrikuntzaren inguruan antolaturiko hitzaldiotan.

Aurten Innobasquek enpresa txiki eta ertainei eskainiko die Global Innovation Day jardunaldia. Euskal enpresa sarearen %99 200.000 enpresa txiki eta ertainek (ETE) baino gehiagok osatzen dutela jakinarazi zuten; «horien jarduera berritzaileak eragin handia du lurralde lehiakor eta ongizate-sortzaile izaten jarraitzeko».

Aurreneko aldiz Donostiak jasoko du Innobasqueren hitzordua. Ekainaren 13an izango dira entzungai Kursaalen hitzaldi zein eztabaidak 9.30etik aurrera, eta enpresei berrikuntzaren bidez izan dezaketen lehiakortasunaren berri ematea dute helburu nagusi.

Jardunaldiaren aurkezpenean adierazi zuten merkatu globaletan lehiatu behar dutela ETEek eta horregatik, horiek bizirik irauteko, berrikuntza funtsezko elementua dutela defendatu zuten. Hala, konponbide berritzaileak lehen eskutik ezagutzeko parada izango dutela iragarri zuten.

Besteak beste, Metal Estalki eta Symplio enpresa bizkaitarrek hartuko dute hitza, berrikuntza teknologikoan eta ez-teknologikoan izan duten arrakastaren berri emateko.

Hitzaldiak eta tailerra

Enpresa zenbaiten esperientziak ezagutarazteaz gain, Innobasquek Global Innovation Day-n azken Berrikuntza Txostena aurkeztuko du eta, hainbat profiletako erakundeetako ordezkariekin, txostenaren ondorio garrantzitsuenen inguruan eztabaidatuko da. Silvia Leal, eraldaketa digitalean eta ETEetan aditua, eta Eduardo Anitua, BTI Biotechnology Institut-eko lehendakari eta zuzendari zientifikoa, arituko dira Kursaalen.

Era berean, “ETEen erronkak” izeneko tailerraren bitartez egunerokoan izaten dituzten arazo zehatzak identifikatu eta beren proiektuak finantzatzeko formula berritzaileak aurkitzeko aukera izango dute.