Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Changabang-en ipar horma estilo arinean eta abiadan igota

Indiako Himalaian (Garhwal mendilerroa) dagoen seimilako hori eskalatu dutenak Leo Billon, Sebastien Moatti eta Sebastien Ratel frantziarrak izan dira. 1.200 metro, 40 luze eta M6/A1/5 zailtasunak gainditzeko hiru egun baino ez zituzten behar izan.

Changabang (6.864 m) Indiako Himalaian (Garhwal) dagoen mendi ezaguna da. Eta irakurle askori ezaguna egingo zaio seimilakoaren historian kolore guztietako pasarteak izan direlako. Urrezko orriak idatzi dira, baina, era berean, une tragikoak izan ditu.

Changabang aipatzen dugunean zailtasun hitzak benetako protagonismoa hartzen du. Berdin dio zein aurpegitik eskalatzen den; guztiak ala guztiak zailak dira oso. Mendiaren lehen igoera 1974. urtean izan zen, Chris Boningtonek zuzendutako espedizioa hego-ekialdeko hormatik hasi eta ekialdeko ertzetik amaitu zuen. Handik bi urtera, beste bi britainiar, Peter Boardman eta Joe Tasker mendebaldeko aurpegitik igo ziren. Eskalada epiko hori literaturara eraman zen, eta ordutik Changabangek “Mendi distiratsua” izena jaso zuen.

Ipar murrua gainditzea falta zen, eta berriro ere beste bi britainiarrek eskuratu zuten saria (1997. urtea): Andy Cave eta Brenda Murphy-k. Sokada horrek estilo alpinoan igo zuen, eta ondorengo protagonistek bide bera aldarrikatu dute Changabangen ipar horma trinko eta gogor hori eskalatzeko. Frantziako Groupe Militaire de Haute Montagne taldeko kideak dira: Leo Billon, Sebastien Moatti eta Sebastien Ratel.

Bada, hirukote horrek maiatzaren 13tik 16ra “mendi distiratsua”-ren ipar horma estilo arinean eskalatu zuen. Hain zuzen ere, 97ko igoeraren marra eta urtebete lehenago Cave-k eta Murphyk berak eginiko saioaren bideari jarraitu zioten. Beste era batera esanda, britainiarren bide horren lehen errepikapena egin dute. Irakurtzen den bezala, oso-oso azkar.

Eta azken hori diogu, 1.200 metro, 40 luze eta M6/A1/5 zailtasunak gainditu behar izan zituztelako. Hormatzar horretan jardun duten beste espedizioekin alderatuta, frantziarren erritmoa harrigarria izan da.

Jaitsiera, berriz, marra beretik egin zuten. Jakin bazekiten, ez zela batere samurra izango. Eta paretan bi bibak eta gailurra gainditu eta gero, haren azpian beste atseden bat hartu zuten. Den-dena argi behar zuten izan, gogoan baitzuten 1997ko espedizio britainiarraren jaitsiera era oso tragikoan amaitu zela. Hirukote frantziarrak ez zuen ezbeharrik izan, eta paretaren oinarrira onik heldu zen.

Changabangetik bueltan, alpinistok ipar horma zail horretan izan duten eskarmentuaren berri eman dute. Eta lehenik eta behin, gogorarazi nahi izan dute Ratel izan zela xede hau mahai gainean jarri zuena: «Mendi hori ez da oso garaia, baina oso teknikoa da. Murphy eta Cavenek inspiratu ninduten. Nahiz eta ipar horma izan, udaberrian joatea erabaki genuen. Lau eguneko hurbilketa bidea egin eta gero, kanpaleku nagusia 4.600 metrora antolatu genuen. Aitortu behar dugu ez dela, agian, leku egokiena; izan ere, ipar horma ez da ikusten. Horretarako, ordu eta erdiko ibilaldia egin behar duzu. Eta hormaren oinarrira heltzeko, 18 kilometro dituzu aurrean. Hori guztia kontuan izanda, 5.200/5.300 metrora kanpaleku aurreratua altxatzea erabaki genuen. Ez ginen batere lasai, besteak beste, aurreko egunetan elur asko egin zuelako. Alabaina, ez zirudien guk aukeratutako xede tente baino tenteago hori elurrez oso estalia zegoenik».

Eraginkorrak

Eskalatu behar zuten paretari dagokionez, Ratelek onartu du erabat ase dituela: «Granito gris eder eta argia da. Oro har, trinkoa denez, kalitate ona du. Baina, zoritxarrez, ezkata hauskorrak ditu, eta eite hori jaitsierarako ez zen batere egokia. Lehenik eta behin, mendebal aurpegia ikustera abiatu ginen. Horretarako lepo batera heldu behar genuen. Alpeetako Tour Ronde-ren ipar horma bezalakoa da, baina elur asko zuen. Arratsaldero elurrak bisita egiten zigun, eta girora egokitzeko lepoan pare bat gau egin genituen».

Frantziatik bertatik jasotako eguraldi iragarpenek zioten prest egon behar zutela egun bateko barealdia iristear zegoelako: «Onartu behar dugu ipar horma horrek ahoa bete hortz utzi gintuela. Zirraragarria da. Baldintzak nolakoak ziren ikustera abiatu ginen. Paretan sartu, 6.100 metrora iritsi eta kanpaleku nagusira jaitsi ginen. Astebeteko txarraldia jasan genuen. Hein batean, girora egokitzeko faserako ondo etorri zen. Eta horretan ginela, bi eguneko leiho on bat iragarri ziguten. Ipurdia mugitu eta ordua zen gure mitoari ekiteko».

Argi eta garbi zuten hiruko sokada bat eraginkorragoa izango zela, zama gutxiago garraiatu behar zutelako eta soka-burua aldatzeko aukera handiagoa ematen zuelako. Gaua paretaren oinarrian dagoen errimaian igaro ondoren, goizeko seietan martxan jarri ziren: «Hasteko eta behin, Leok arrisku handia zuen M6 zailtasuneko tarte bat lideratu zuen. Oso agerikoa ikusten zen bibaka egiteko leku bakarrera heldu ginen. Ordu eta erdi pasa genuen hura antolatzen. Biharamunean, goizeko 5.00etan, eskaladarekin jarraitu genuen. Ezkerraldera jo eta Sebek izotz gogorrean hiru luze gainditu ondoren, adierazi zigun leher eginda zegoela. Une zehatz horretan, 1996ko saioak eta hurrengo urteko igoerak bat egiten zuten puntuan geunden. Mistoko pareta zen, eta aurrean genituen luzeak oso-oso finak ziren. Horietako batean hiru pendulu egin genituen. Egoera ez zen batere samurra. Tarte hori zaila zen, eta geure pentsamenduetan zalantza batzuk agertu ziren. Agian, gure xedea ez zen bideragarria. Alabaina, argi genuen atzera egiteko aukerak genituela, eta horrek aurrera jarraitzera bultzatu gintuen».

Baina bi luzeri ekin ostean, protagonistok ohartu ziren hurrengo metroak zailak izango zirela: arroka gogorra eta agerikoa ez zen diedro bat. Horri guztiari, ekaitz baten mehatxua gehitu behar zitzaion.

Arratsaldeko 7.30ean heldu ziren ertzera. Elurra ari zuen, eta haizea indartzen hasia zen. Ekaitzaren lehenengo abisua zen. Bat-batean zurrunbilo horren barruan ziren: tximistak, trumoia... Denda altxatu (6.650 m) eta gau gogor bat pasatzeko prest ziren. Zorionez, biharamuna beste aurpegi batekin iratzarri zen: «Eguraldi ederra genuen, baina gauean botatako elurrak pixka bat beldurtu gintuen. Kontu handiz, ertza gainditu eta goizeko 11.00etan gailurrean ginen. Izaera honetako tontor bat egiten duzuenean, jaitsieraren mamua beti buruan dago. Aurreko espedizioek izan zituzten istripuak hor daude. Nahiz eta lehen saria, gailurrarena, lortua zegoen, ez geunden batere euforiko: 1.200 metro jaitsi behar dituzu. Ertz delikatu horren ondoren, atsedena hartu genuen. Eraginkorrak eta azkarrak izan behar genuen. Gauaren sarean ez erortzen ahalegindu ginen, eta horretan lainoak ez zigun batere lagundu. Eta arazoren bat edo beste izan bagenuen ere, paretaren oinarrira heldu ginen».

Hala, alpinistok saria patrikan sartu zuten. Estilo oso onarekin, gainera. Eraginkorrak ez ezik, azkarrak ere izan ziren. Duela bi hamarkada pareta hori hamar egunean igo zuten; frantziarrek, berriz, hiru egun besterik ez dituzte behar izan.