Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Iker Madoz iruindarrak Gasherbrum IV-ren hego zutoina zain du

24 urteko nafarrarekin batera, hiru alpinista katalanek ekingo diote xede zail horri; hots, Marc Toralles, Roger Cararach eta Oriol Baro-k. Azken honek, Jordi Corominasekin, ekinaldia egin zuen 2006an.

Azken hilabete honetan Iker Madoz oso lanpetuta egon da. Eskuarki hala egoten da, baina azken asteotan are gehiago. Beste zortzi kiderekin, Indiaren menpe dauden Jammu eta Kaxmir-en izan da. Zanskar-en ere bai. Ohi bezala, bere asmoa mendi eta pareta berriak ezagutu eta eskalatzea izan da. Baina bidaia horrek helburu zehatz bat izan du: hasi berri duen espediziorako entrenatu eta girora egokitzea. Bai, joan den ekainaren 26an alpinista iruindarra Pakistanera abiatu zen; izan ere, datozen asteotan igo gabe dagoen Gasherbrum IV mendiaren (7.925 m) hego zutoina du zain.

Inolako zalantzarik gabe, 24 urteko nafarrak esku artean duen helburua erakargarria bezain gogorra da. Baten batek esango du gazteegia dela xede horri ekiteko, baina ezagutzen dutenek erantzun dezakete, burua bere lekuan edukitzeaz gain, teknikoki ere zaildua dela.

Espedizioa beste hiru kidek osatzen dute. Hirurak ala hirurak katalanak dira: Marc Toralles, Roger Cararach eta Oriol Baro. Hain zuzen ere, azken hori da erronka horren bultzatzailea. 2006. urtean, Jordi Corominasekin batera, hego zutoin horretan ekinaldia egin zuen. 7.400 metrora zegoela, sokadak atzera egin zuen.

Zaila eta arriskutsua

Aipatu dugun bezala, espedizio hau prestatzeko, Madoz hilabete batez Jammu, Kaxmir eta Zanskarren izan da: «Zortzi lagunek hango mendiak eta paretak eskalatzen jardun dugu. Oriol tartean zegoen. 22 egunetik batean soilik egin zigun eguraldi kaskarra. 37 bide zabaldu ditugu: makina bat metro eskalatzeko aukera paregabea izan dugu! Arrokan eskalatzeaz gain, hainbat menditan alpinismoa egin dut; izan ere, nire asmoa G IV-rako ondo prestatu eta girora egokitzea zen».

Etxera itzuli, ingurumari honetako paretetan eskalatu (besteak beste, Ordesan) eta Pakistan aldera bidaiatu du: «Hego zutoina da gure helburu nagusia; Oriolek egiteko duen xedea, alegia. Baina jakin badakigu, mendiaren zein aukeratutako bidearen egoerak den-dena baldintzatuko duela».

7.400 metroko kotaraino ibilbidea nolakoa den ezagutzen dute, bederen; hobeto esanda, Barok ezagutzen du: «Zailtasun tekniko handienak zutoinaren goialdean daude. 7.000 metrotik gora arrokan eskalatzen duzu. Eta Oriolek aurreratu digu arriskutsua dela; besteak beste, harkaitzaren kalitatea txarra eta zeure burua aseguratzeko zaila omen delako».