2018/07/08

URUMEATIK ENERGIA INDEPENDENTERA

Energia propioa, berriztagarria, «bertakoa» eta bestelako balio erantsia duena ekoitziko du aurreneko aldiz Goiener Taldeak, NafarKoop kooperatiba sortuaz. Urumea ibaiaren ertzean kokatzen den zentral hidraulikoaren erosketa duela pare bat aste itxi zuten.

Ane URKIRI
0708_eko_goiener1

2012. urtean abiatzekoak ziren beraien energia propioa ekoizteko bidean, «baina Estatu zentraletik diru laguntzak eten eta gure asmoak patxadaz hartu behar genituela ohartu ginen», azaldu digu Santi Otxoa de Eribek Goiener Taldeko kideak. Eta azkenean, 2018an, asmo hori errealitate bihurtu da Goiener kooperatibarentzat.

Horrenbestez, kontsumo kooperatiba izatetik ekoizpenerako jauzia eman du Goiener Taldeak, eta asmo horren harira sortu dute NafarKoop sozietatea. «Nazioarteko merkatutik irtetea, independizatzea, dugu xede», adierazi du Otxoa de Eribek. Horretarako, ordea, hasiera batean ekoitzitako guztia sare orokorrera bidaltzea beste aukerarik ez dute izan. Modu horretan, aurreneko urtean, «kudeaketa hobeturik», 10.000 euroko urteko balantze positiboa izan dezakeela aurreikusten dute. Eta beraien webgunean zehazten dutenez, 10 urtera gastuak amortizatzea espero dute.

«Apustua egin dugu, baina irabazteko apustua da. Hau da, ez dugu onartu proposamena begiak itxita», ziurtatzen du. Izan ere, zentralarekin jada bi urteko harremana badute ere, Hernaniko Udala zein Ereñotzuko Auzo Udala izan ziren proiektua abiarazteko giltzarri. Imanol Lizeaga Ereñotzuko alkateak azaldu digunez, Fagollaga zentraleko jabeak herri zein auzo udaletara jo zuen erretiroa hartzekotan zela jakinarazteko: «Bere kezka zen behin jubilatutakoan zentralak funtzionamenduan jarraitzeko aukerarik ba ote zuen eta administrazioak ea zerbait egin zezakeen galdetu zigun».

«Gure barnean ere bazegoen kezka hori –gehitu du Lizeagak–. Alde batetik, energia garbia sortzen zuen ustiaketa bat bertan behera uztea suposatzen zuelako. Eta beste aldetik, jarduera geldituz gero ibaiertzeko inguru honetan arriskuak egon litezkeelako, zaintza zein ingurumenari dagokionez. Kontrolik gabeko eremu baten uztea ere guretzako nahiko kezkagarria zen».

Ereñotzuko Auzo Udalak gogoeta hori Hernaniko administrazioarekin partekatu eta bi aldeak ados agertu omen ziren ustiaketa honen jabegoa eskuratzearekin, «baina ohartu ginen arlo juridikoari dagokionez zailtasun edo arazo gehiegi edukiko genituela. Horrez gain, partaide teknologiko baten laguntza ezinbestekoa izango zelakoan geunden», azaldu du Imanol Lizeagak, eta hein horretan Goiener proiektu honen aitzindaria izan behar zela argi zegoela gaineratu du.

Horregatik, hain zuzen, jarri ziren harremanetan kooperatibarekin. Lizeagak ez daki ziur Goienerrek ba ote zuen zentralaren inguruko berririk Hernaniko Udalaren deia hartu aurretik, baina Santi Otxoa de Eribek segituan argitu digu Udalaren abisuak jarri zituela jakinaren gainean: «Azkenean, Hernaniko Udala Goienerreko bazkide-kolaboratzailea da, eta orduan, bai, aurreragotik bagenuen harreman estu bat. Energiarekin zerikusia duten gauzak sortzen direnean badaukate erreferentzia bat aditu mailan».

Baten kezka, bestearen interesa

«Guri interesatzen zitzaigun hemen dagoena, ur emaria eta instalazioa; eta Udalaren kezka zen zer-nolako ustiapena atera zitekeen hemendik, ingurua babestearekiko konpromisoarekin –zentralak hektarea bateko lursaila baitu atxikita, emakida tituluarekin banaezina–», laburbildu du Otxoa de Eribek. Era berean, Fagollagako zentrala eskuratu baino lehen, beste 20-30 instalazio aztertu zituztela nabarmendu du, energia propioa ustiatzeko zeukaten interesa azpimarratu nahian.

Eta Goiener Taldea zein NafarKoop kooperatibei esker Fagollagako zentralak martxan jarraituko du 2060. urteko abenduaren 31 bitartean. Ez da geldituko, horrelako instalazio zaharkitu bat geldirik egoteak suposatzen duen kalteaz jabetzen baitira.

«Zementu hidraulikoaren fabrika bat egon zen hemen eta beranduago, Urumea ibaiaren ertzetan zentralak sortzen joan ziren; horietariko bat da hauxe bera», seinalatu du Auzo Udaleko alkateak. «Turbinak 90 urte ditu eta aztertu genuenean argi geratu zitzaigun hau ibilgailu zahar bat bezalakoa dela, beti egongo da zer konpondu», iritzi dio Goiener Taldeko kideak.

Horregatik, hain zuzen, hiru hobekuntza tarte zehaztu dituzte oraingoz: telekudeaketa –ez baita guztiz automatikoa–, bigarren turbina bat izatea –orduko 80 kilowatteko gaitasunekoa– eta pikoiak garbitzeko tresnak hobetzea, sarrerak lohiz betetzea ekiditeko. «Beste zenbait jarduera egitea beharrezkoa izango dela kontuan hartuta, zentralaren erosketa eta lehen hobekuntzak egiteko 150.000 euroko balorazioa egin da». Horixe bera jasotzen da beraien webgunean aurkitu daitekeen oharrean.

Energia berriztagarriak sortzeko bi proiektuen gastuak 300.000 eurokoak izango direla aurreikusi dute beraz, eta horregatik bazkide eta boluntarioen ekarpena beharrezkotzat jo dute. Ekainaren 1ean jarri zuten martxan crowdfunding moduko bat eta dagoeneko erdia baino gehiago bermatuta dute. «Bakoitzak ezin du guztiaren %2tik gorako ekarpena egin», azaldu zuen Santi Otxoa de Eribek. Kooperatibaren filosofiari eutsi nahian, mikroinbertsioen bitartez, erabakiak kapital handiko norbanako baten esku geratu ez daitezen. «Gainera horrelako batek kapitala handitu eta kanpoan utz zaitzake, eta hori ekiditeko ondo dago intentzioa», gaineratu du Imanol Lizeagak.

Energia subiranotasuna

Epe luzera begirako apustua da, langileak ere jakitun dira. 21 langile ditu kooperatibak eta sei lanpostu berri sortu dituzte. «Jada bost bulego ditugu, bezeroarekin gertutasun puntu hori lortzeko beharrezko erreminta baita», zehaztu du Otxoa de Eribek. Oraindik inbertsioen sasoian daudela-eta pazientziaren balioa nabarmendu zuen, beraien ikuspuntua ez baita hemendik 10 urtera begirakoa, baizik eta 40 urterakoa.

Bezeroenganako mezu argigarri gisa, gainera, adibide praktiko bat jarri du Goiener Taldeko kideak: «Zu joan zaitezke supermerkatu batera tomate bat erostera, maiorista bat bitarteko edukita, edo joan zaitezke zuzenean baserritarrarenera, bertatik bertarako harremana izan eta berarentzat onuragarriena den prezioan salduko dizuna. Balio erantsi gehiago ditu, tomateagatik beragatik eta ematen duzun pausoa bere jarduera mantentzeko bermea da, ez diozulako beste norbaiten bitartez erosi».

Eta Goiener Taldeak, NafarKoop-ek sortzen duen energiarekin, egin nahi duena horixe bera da, alegia. Energia ekoitzi, beste hainbat balio erantsi dituen ezaugarriekin. Lursaila mantentzea, esaterako, eta uraren emaria modu ekologikoan ustiatuko dutelako. Hau da, emariaren %35,5 erabiliko dute ekoizpenean, «ur emari ekologikoari zor diogun errespetuagatik».

Ingurumenari dagokionez, aberasgarria den eremua dela jakitun, Xabier Loyarte Garmendiak sinpletasun osoz laburbildu du beraien jarduna: «Hemen dagoen ura eta honen indarra aprobetxatuko dugu». «Zergatik eraiki instalazio berri bat, daukaguna, nolabait, modernizatu, hobetu eta automatizatu baldin badaiteke?», itaundu zuen NafarKoop-eko proiektuetan buru-belarri dabilen kideak.

Udaran ere euria egitea ez letorke gaizki Goiener eta NafarKoop-entzat, energia produkzio aberatsa lortze aldera. «Baina euria Nafarroa inguruan egin dezala, Urumea ibaitik guregana iristeko», gehitu du ñabardura Otxoa de Eribek irribarretsu. Neguan produkzioa bikoitza izango dela aurreikusten du Jokin Castaños lankideak, eguraldiaren kontuagatik. Udako emari txikiari aurre egiteko, beraz, jada kokatua dute orduko 80 kilo watt-eko gaitasuna duen turbina: «Handienak ur emari txikiarekin ez du behar bezalako aprobetxamendua, eta beharrezkoa da txikiagoa bat jartzea».

Jada egin dute aurreneko hobekuntza. Duela hamar bat egunetik martxan dago proiektua. Instalazioen giltza bereganatuta Euskal Herria bertoko energiaz argiztatzeko aurreneko urratsa egin dute Ereñotzun, atzetik etorriko diren beste proiektuen esperoan.

I-ener kooperatibarekin elkarlanean sei instalazio fotovoltaikotan

Fagollagako zentral hidraulikoa ez da Goiener Taldea eta NafarKoop sozietateek energia berriztagarria sortzeko abiatu duten proiektu bakarra. I-ener kooperatibarekin orpoz orpo egingo dute lan aurtengo udaratik aurrera.

Izan ere, Ipar Euskal Herriko konpainiak sei instalazio fotovoltaiko eraiki nahi ditu. 2014. urtean ikusi zuen argia kooperatiba honek eta ordutik zazpi proiektu eraiki dituzte. Hala, udara honetan egin nahi dituzten hauek beste zazpi instalazio horiei batuko zaizkie. Asmoa aurrera ateratzeko Goiener Taldeak, NafarKoop-en bitartez, bostekoa luzatu dio I-enerri.

Iparraldeko sei eremutan instalazio bana egin nahi dute, orduko 9 kilowatteko gaitasuna izango duten eguzki panelekin. Urtean, batez beste, 63.000 kWh ekoiztea aurreikusten dute. Proiektu bakoitzak 20.000 euroko inbertsioa eskatzen duela zehazten dute webgunean, eta guztia amortizatzeko 15 urteko epea aurreikusi dute.

Nagusiki argindarra sarera jaurtitzen duten instalazio fotovoltaikoak udal eraikinen edo erabilera publikokoen teilatuetan eraikitzea dute xede, eta NafarKoop-en kolaborazioa ekonomikoa izan da kasu honetan: «Gertutasun eta kidetasunagatik, berriztagarrien garapenak gure inguruan CO2 isuriak gutxitzea eta sozialki, eskualde ezberdinen artean harremanak sendotzea da akordio honen asmo nagusia».

Baigorriko kanpinean eta Anhauzeko elizan uztailean hastekoak dira lanak eta gainerakoak, abuztuan.A.U.A.

2060RA ARTE


Fagollagako zentralaren emakida 2060. urte bukaera arte dauka Goiener Taldeak. Ondoren, Administrazioaren eskuetara itzuliko da, eta berriro erabaki beharko da bere etorkizuna.
90urte>Fagollagako zentraleko turbina nagusia, orduko 100 kilowatteko gaitasuna duena, 1928. urtean sortua da. Aurten 90 urte bete ditu, alegia.