GARA
MANAGUA

Makina bat hildako eragin dituzte Nikaraguako Carazo eskualdean Poliziaren eta oposiziokoen arteko borrokek

Gutxienez hamaika pertsona hil dira, horietako bi poliziak, Ozeano Bareko itsasertzean dagoen Carazo eskualdeko Diriamba eta Jinotepe hirietan asteburuan izan diren borroketan.

Herrialdeak bizi duen krisi politiko larriak eragin ditu liskar horiek. Oposiziokoek barrikadak jarri zituzten hiri horietan eta Polizia eta Gobernuaren aldeko taldeak bidetik oztopo horiek kentzera bertaratu ziren. Polizia Nazionalak eman duen bertsioaren arabera, «talde terroristek» hil zituzten bi agenteak.

Oposizioarekin bat egiten duen Cenidh Nikaraguako Giza Eskubideen Zentroak Gobernuaren aldeko indarrei leporatu dizkie heriotza gehienak.

Analista batzuek nabarmendu dute borroka tragiko horiek bi aldeen arteko elkarrizketa nazionalari hasiera eman baino ordu batzuk lehenago gertatu zirela, eta saio horiek arriskuan ipini zituztela.

Bestalde, UNAN Nikaraguako Unibertsitate Nazional Autonomoaren egoitza bati eraso egin zioten poliziek eta Gobernuaren aldeko indarrek igande gauean. «Hiru ikasle bahitu dituzte», salatu zuen Cenidh zentroak. Gobernuak egindako atxiloketei «bahiketa» deitzen diete Daniel Ortega presidente sandinistaren aurkako taldeek.

Managua hiriburuko hegoaldean bizi den Laura Dogu AEBetako enbaxadoreak jakinarazi du bere etxearen ondoan tiroak entzun ahal izan zirela, baina bera ez zela izan balizko erasoaren jomuga.

Ortegaren aldekoen eta aurkakoen arteko borrokek 310 hildako eragin dituzte dagoeneko.