2018/07/11

Sormenaren Kabia artistentzako egonaldia abiatu dute Alkizan

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak Gipuzkoako kultur maparen barruan egitasmo artistiko berri bat aurkeztu da. Euskal Herriko sortzaileek ez ezik, mundu osoko artistek ere tokia izango dute sormen laborategi horretan. Hamabost eguneko egonaldia izango da.

GARA|ALKIZA
0711_kul_alkiza

Artistentzako hausnarketarako, sormenerako eta lanerako gune bat sortu eta landa ingurua eta artea eskutik doazela erakutsi nahi du Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak. Sormenaren Kabia kultura eta ezagutzak partekatzeko, ikerketarako eta difusiorako gune izateko xedearekin jaio dela jakinarazi dute arduradunek. «Artearen sorkuntza gizarteratzeko eta sozializatzeko tresna izan nahi du Gipuzkoa osorako». Artistei euren sormen prozesuak gauzatzeko espazioa eskaini nahi die egitasmo honek eta, horretarako, Sormenaren Kabia artistentzako egonaldiak martxan jarri dituzte. «Alkiza, bere kokapen geografikoagatik, gune estrategiko batean dagoela konbentzituta gaude: Hernio mendiaren magalean, Europa 2000 Sarean aitortutako naturagune zoragarri baten erdian dago Alkiza. Gipuzkoaren bihotzean, herri giro lasaia eskaintzen du eta aldi berean, kilometro gutxira ditugu Donostia, Baiona, Bilbo nahiz Euskal Herriko gainerako hiriburu zein aireportuak. Alkiza natur ingurune paregabean dago, mundutik gertu, baina hiriko erritmo eta zaratatik urrun».

Sormenaren Kabiak, Gipuzkoako landa ingurunean egiten den jarduera aintzakotzat hartu eta lurraldeko biodibertsitatea eta paisaiaren inguruko balioak mantentzeko baliabidea izan nahi duela aitortu dute. Herrira etorritako artistek aukera izango dute baserritarrek aspalditik bioaniztasunaren kontserbazioan izan duten garrantziaz jabetzeko. «Bertatik bertara ikusi ahal izango dute gizakiok paisaiaren eraikuntzan eta bioaniztasunean izan dugun eta dugun garrantzia», gaineratu dute ohar bidez.

Sortzaileen eta herritarren artean elkarlana eta sinergiak sortzeko aukera eskainiko du Sormenaren Kabiak. Hala, proiektuan parte hartzen duten artistei herriko eragileekin zein gainerako herritarrekin hartu-emanak izateko aukera emango zaie. Sormenaren Kabia Alkizako Udalak, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak, Alkizako Ostatuak, Lete Nekazaletxeak, Inazio Urruzola txakolindegiak eta Koldobika Jauregiren Ur Mara museoak sustatutako proiektua da.

Eskaintza

Sormenaren Kabiak eskaintza zehatza egiten dio egonaldian parte hartu nahi duen sortzaileari. Lete Nekazaletxean hamabost eguneko egonaldia izango da eta artistak 1.000 euroko beka jasoko du dieta mantenurako. Lanerako hiru gune izango ditu: landetxea bera, Ur Mara museoa eta Inazio Urruzola txakolindegia. Hautatutako pertsonak hala nahiko balu, proiektua garatzeko aholkularitza jasoko luke Koldobika Jauregi eskultorearen eskutik.

Egonaldiak hamabost eguneko iraupena izango du eta 2018ko iraila eta urria bitartean gauzatuko da. Deialdian aukeratua izango den artistarekin adostuko da data zehatza.

Adinez nagusia den edozein artista aurkez daiteke deialdi horretara, hasiberria edo eskarmentu handikoa izan. Edozein diziplina artistikotako proiektuak onartuko ditu epaimahaiak.

Proposamen guztien balorazioa egiteko asmoz, antolakuntzak epaimahai bat osatuko du eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean argitaratuko da kideen zerrenda. Leku berean jakinaraziko da, prozesua amaitu ostean, zein izan den hautatutako artista.

Aurkeztutako lan guztien artetik bi hautatuko dira. Alta, boto gehien lortu dituen artistak parte hartzeari uko egingo balio, zuzenean bigarren postuan geratu den sortzaileari eskainiko litzaizkioke egonaldia zein beka.

Epaimahaiak hainbat irizpide hartuko ditu kontuan: Proiektuaren originaltasuna, proiektuaren koherentzia Fagusen hiru ardatzekin –natura, gizakia eta kultura–, Sormenaren Kabiak eskaintzen dituen baliabideetara egokitzapena eta artistak azaldutako interesa.

DEIALDIA ZABALIK


Sormenaren Kabian izena emateko epea zabalik dago eta abuztuaren 6an amaituko da. Deialdiaren emaitza irailaren 3an jakinaraziko da Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean (www.fagus-alkiza.com).