Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Geroko bainulariak harea amets

Udan gara, eta udan udakoa. Hots, itsasoan hegaluzearen kostera, kostaldean bainularien kostera, zeruan iluntzeko ekaitzen kostera, kiroletan Tourraren kostera eta lehorrean udako ikastaroen kostera. Hortaz, udan udakoa, bai. Udako ikastarootan enteratzen zara negukoetan normalean aipatzen ez diren gauzez, batez ere neguan apenas delako ikastarorik… uda ez denez. Tira, harira! Kantauriko ura gradu erdi bat berotu ei da azken hogeita hamar urteetan, atera kontuak gure beheko Estatu itxurakoan ditxosozko trantsizio hura hasi zenetik! Zenbat gradutan ez ote den ura izango trantsizioa amaitu orduko! Inoiz amaitzen bada.

Ni ez naiz hondartzan bainatu ohi, zin dagit, zergatik ez dakidan arren. Baina salbuespenez halako batean sartzen ausartu eta hara! Egia, epel sentitu nuen, baina nire ondoan zen morroiari leporatu nion orduko hartan, haren irribarre salatzailea ikusita… Bada ez, klima aldaketa da! Eta bai, hondartzak atzeraka ari dira egiten, eta gehiago egingo omen atzera… aurrera begira. Hortaz, hareak gero eta espazio gutxiago hartuko du hareatzetan, eta horrek arazo dezente ekarriko duen susmoa dut. Hasteko, hareak berak galdu egingo du udan eguzkitan egoteko berezko zeukan eskubidea.

Ondorioz ere, izen handiko hondartzetan hainbat neurri zorrotz hartuko bide dira. Kasurako, low cost hegaldien antzera, toallen eta eguzkitakoen tamaina mugatzea, ogitarteko tolesgarriak, belzteko krema emanda sartzea, palan jokatzeko pilotak ondoko bainularienak izatea… eta ez litzateke harritzekoa izango mareagoretan bainularien sabela bera tasatzea! Edota ziklogenesien ostean bainulariek beraiek eramatea harea, horretarako aparkalekuan bertan salgai egon litezkeen harea-zakuak erosita… Edota Aldundiak hareaz estaltzea aparkalekuak… Hala ere, beti egongo da harea-pasabide bat euskal presoen etxeratzea udan ere eskatzeko!