700 kilo zabor jaso dituzte, auzolanean, Gaztelugatxen

Pasa den larunbatean, 53 boluntario elkartu ziren Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko, Bermeoko Udalak eta Lurgaia fundazioak antolatuta. Laneguna arrakastatsua izan zen: izan ere, 700 kilo zabor atera zituzten itsasertzetik, itsasbehera aprobetxatuz. Ekimen honek helburu bikoitza zuen: batetik, Gaztelugatxeko eremu babestuan itsasertzeko hondakinak garbitzea, bere ingurumen balioa eta paisaiaren edertasuna zaintzen eta mantentzen laguntzeko; eta, bestetik, gizartea sentsibilizatzea hondakinek, eta batez ere plastikoek, itsasoan sortzen duten ingurumen arazo larriaz. Bildutako hondakinen parte handi bat itsasoko jardueraren ondorioz sortutakoak ziren (arrain kaxak, sare zatiak, sokak, buiak…), baina beste era bateko hondakinak ere batu zituzten, gehienbat plastikozko ur botilak. Horrek plastikoek itsasoan sortzen duten arazoari buruz hitz egiteko aukera eman zien antolatzaileei. Bizilagunei esker itsasoa pixka bat garbiagoa dago orain, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkie Udalak.