Jon ORMAZABAL
PILOTA

Navarra Arena, hurbilekoa bere erraldoitasunean

Navarra Arena berriaren gertutasuna, bizitasuna eta pilotaren soinua nabarmendu dituzte pilotariek.

Ateak ireki aurretik, hamaika eztabaida sortu ditu, eta gehienak galdu, Iruñeko pilotalekuak eta bere baitan biltzen duen Navarra Arena kiroldegiak, egokitasunaren, gastuaren eta erabilgarritasunaren inguruan. Irailaren 29an Codere Mastersaren finalaren inguruan ateak ireki aurretik, atzo egin zuten frontoiaren jendaurreko lehen proba Aspeko eta Asegarceko pilotariek eta lehen inpresioan bederen, lehen azterketa oso nota onarekin pasatu zuen.

Benetan sartzen dira hemen 3.000 ikusle? Horixe izan zen atzoko ate irekien jardunaldian gehienoi etorri zitzaigun lehen inpresioa. Izan ere, ekidinezinak dira final eta ekitaldi handietarako bere konpetentzia nagusia izango den Bizkaia frontoiarekiko erreferentzia eta alderatzeak, eta Miribillakoarekin alderatuta, askoz pilotaleku bilduago eta goxoagoa da iruindarra, eserleku kopurua oso antzekoa izanda.

Aimar Olaizola-Jon Mariezkurrena eta Iker Irribarria-Julen Martija izan ziren Asegarcek eta Aspek lehen proba honetarako aukeratutako pilotariak eta hauek 20 bat minutuz aritu ziren pilotak frontis berriaren aurka astintzen. «Hasieran iruditu zait, gu ere oso poliki ari ginen, ez zela oso frontoi azkarra baina gero ikusi dugu pilota nahiko ibiltzen dela eta frontoi berria izateko horrek deitu dit atentziorik gehien, frontisen irteera dexente du eta lurrean ere nahiko ibiltzen da», azaldu zuen goizuetarrak.

Bilbokoarekin alderatuta, pilotaleku bizkorxeagoa izango ote den susmoa hartu zion Olaizolak Iruñekoari, baina Miribillakoarekin alderik nabarmenena pilotaren hotsa litzateke. Bilbokoaren aldean, pilota oso ondo entzuten da edozein lekutatik. Sabaian eskegitako plantxa batzuetan omen arrakastaren sekretua.

Erreboterik ez

Itxurak eta gustu kontuak alde batera utzita, bada lehen begiratu batera ere atentzioa ematen duen beste ezaugarri bat, erreboterik ez duen pilotalekua izango baita Iruñeko pilotaleku berria. Antza denez, ibili ziren Bizkaia pilotalekuko kristalezko errebotea begiratzen, baina printzipioz Navarra Arenakoan ez dute halakorik ipiniko eta, hortaz, ez da bertan erremintaz aritzeko aukerarik izango, eskuz bakarrik.

Hala ere, honek ez du esan nahi atzelarientzat gauzak errazagoak izango direnik; are gehiago, atzoko proban batak bestea estutzeko lan handirik hartu ez bazuen ere, atzeko koadroetan pilotak pisu handia hartzen duela nabarmendu zuten lau protagonistek. Hortik ez da harritzekoa, gaur egungo zirkuituan dauden pilotaleku handiekin konparatzen hasita, Gasteizko Ogeta izan zela pilotariek ahotan erabili zuten kantxa. «Hor atzetik-eta nahiko exijentea dela iruditzen zait, Gasteizkoaren antza izan lezake, pilotak bote handia hartzen du atzeko koadroetan eta iruditzen zait nahiko pilotaleku zaila izango dela guretzat, batez ere dominatuta zaudenean», adierazi zuen Julen Martijak.

Gauzak horrela, atzo Iruñean ez zegoen Martin Alustizak oso kontuz ibili beharko du material aukeraketen aurretik pilotak baztertzerakoan, are gehiago, bertan jokatuko diren partida guztiak garrantzi handiko lehiak izango direla jakinda. Enpresetako intendenteen arabera, Labriten erabiltzen diren antzerako pilotak oso egokiak lirateke Nafarroako hiriburuko pilotaleku berrirako.

Gehitzera dator

Horixe izango da ekipamendu berri honen beste erronka handietako bat, alde zaharrean, hiri erdian kokatua eta horren maitatua den Labrit pilotalekuarekin elkarrekin bizitzea.

Printzipioz, ez luke arazo handiegirik egon behar, Navarra Arenak ekitaldi handietarako baino ez baititu ateak irekiko eta asteroko jaialdiak Labriten izango baitira. Irailaren 29ko Codere Mastersaren finala eta azaro erdialdera jokatuko den Lau eta Erdiko final nagusia izango dira 2018 honetan bertan programatuko diren jaialdiak.

Kalean kontrakorik entzun duen arren, Miguel Pozueta Nafarroako pilota federazioaren lehendakariarentzat «pilotaleku berria gehitzera dator eta ez dio kalterik egingo Labriti. Dugun sarrera kopuruarekin, orain arte ezinezkoa zen Iruñean eta Nafarroan final handirik jokatzea eta orain posible izango da». Eta bestelakorik esan bada ere, San Fermin eguneko kaiolako finalak festaren muinean jarraituko omen du etorkizunean.