Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Elkarrizketa

«Urtean zehar eman ditugun borrokak ospatzen ditugu» . MARILOU LAPEYRADE

Besta alternatiboek badute kokapen zehatza Baionan. Patxa plazaren inguruan giro herrikoi eta euskalduna antzeman daiteke. Urtean zehar, bereziki Zizpa gaztetxean, hainbat elkartek egiten duten lanaren erakusleiho izanen direla besta alternatiboak aitortu digu agurtu eta berehala Marilou Lapeyradek. 22 urteko angeluarrari egokitu zaio, aurten ere, bozeramaile lanetan jardutea. Parekidetasuna besta alternatiboen ardatz nagusienetarikoa izanik, bozeramailetza bikoitza ezarri dute. Marilouk euskarazko hedabideekin jarduten du, gehienbat, eta Guilhem Dacostak frantziar prentsarekin. «Euskara gure jarduera guztietan txertatzen dugu, are, lehentasuna ematen diogu komunikazio euskarri guztietan. Hori bai, gure euskal mundutik at diren jendeak erakarri nahi ditugu, eta, horrendako, bai musika eskaintza prestatzeko baita komunikatzeko orduan ere frantziar kultura eta hizkuntza aintzat hartzen ditugu», azaldu digu Perrier bana edaten dugun bitartean.

Patxa plaza, ofizialki aitortua

Besten kokaguneari dagokionez, aurten bada zer ospatzeko. Baionako Udalak prozesu parte hartzaile bat onartu ondoren, aparkaleku zena plaza bilakatu da. Marilouk oroitarazi duenez, «auzoa berritze prozesuan inplikatzeaz gain, herritarrek eremuari emandako izena, Patxa, ofizialki onartzea lortu dugu. Horri esker, elkarrekin eremu bat berreraiki dugu eta bestetan hori nahi dugu islatu, eta, noski, baita ospatu ere!».

Bost egunez, Patxa plazan era askotariko ekimen kulturalak proposatzen dituzte: xiba jokoak, bertso saioak, kontzertuak... eta guztiak dohainik! Baionako bestetan nagusitzen den «eredu ekonomizista eta kontsumitzaileari» alternatiba emateko beharra azpimarratu du angeluarrak. Zuhurki hartzen du, ondorioz, bestak pagarazteko Udalak harturiko erabakia. «Bestek festibal pribatu erraldoi baten irudia» har dezaketen beldur da Marilou. Gaur Patxan eginen duten Gazte Eguna bestelako eredu baten isla izanen da. «Lan handia da bestak antolatzea, baina gure uneak baditugu. Nire kasuan, kontzertu bat edo beste segitzeko atseden hartzen dut. Eta bereziki inportantea dena, neska bezala ziur eta erabat aske sentitzen naiz gure plazan!».