2018/07/30

Josebe EGIA
Umeak bezala, umeak ez bezala

Umetan bezalaxe jarraitzen dut nik, alegia, aurreneko opor-egunaren bezperan kirioak dantzan; gauez begirik bildu ez dudala, biharamunean eguneroko bizimoduko betebehar oro egina uzteko astia atera behar dudala pentsatuz, ondoren lasai asko goza dezadan oporraldia, nire errealitatean aisialdiaz edota plazeraz zerikusirik ez duen guztia tartean sartu barik. Horrela nahi nuke joan oporretan, Yupiren munduetara joango banintz bezalaxe, gizartearen ederrari baino ez begiratuz, egungo gatazkak eta ankerkeria garaikideak eta ikasturte honetan jasotako txar guztiak ahaztuta, izan diren onak besterik ez motxilan. Bueltan, datorren ikasturtean, gure eguneroko arazoak konponduta egongo direlakoan, batez ere ederki izorratuta bizitzera kondenatuta daudenenak.

Umeek ez bezala, ordea, xalotasuna aspaldi galdua dut nik. Jakin badakit etzi hasiko den hilabetea, ezertxo ere aldatzeko garaia barik, ia guztiaren etenaldia baino ez dela, gure egunerokoan ez ezik, esparru publikoan ere. Hortxe, politikarien oporrak tarteko, hil edo biziko gaiek eurek ere ez dute ematen horren urgenteak, ikusleok alde eginda, bat-batean publikorik gabe, ohiko showek mereziko ez balute bezala. Impasse horrek, politikan, badu berea: balia daiteke –hedabideekin elkar hartuta, jakina–, herritarrok kontu zenbait ahantz ditzagun, edota jendarteko beste zenbait borroka-eremutan, bueltan, gogorrago kolpatzeko prestatzeko. Beldurra eragiten dit pentsatzeak herri xehea (uler bedi oporretarako pribilegioa dugunok, behintzat) hondartzan plisti-plasta gustura asko gauden bitartean, adibidez, zertan ariko diren, jada boterean daudenak baino, botere-gosez daudenak… izan ere, berrarmatzeak hartzen ote du atseden? Indarkeriak, axolagabekeriak, azpijokoak, hipokrisiak edota, hitz batean, gaiztakeriak ez bezala?

Zorionez, udara umeen bezainbesteko gogoz bizi arren, eta «oporretan gaude» kartela lepotik behera eskegita ere, ez diogu heldu izateari uzten, eta segitzen dugu inguruan zertzuk gertatzen ari diren behatzen, zaintzen, salatzen eta borrokatzen, eta atsedenean indarrak berritzen, jakinaren gainean hil edo biziko gaiak eta lehiak hortxe egongo direla itzultzen garenean, inolako funtsik galdu gabe, ahanzturan erori barik. Batez ere guk geuk egingo diogulako, herritarrok, beste urtebetez, gerra bizia ondo ez dagoen guztiari, eremu zabal-zabal horri. Ezta?