Maider IANTZI
EASO PLAZAKO GIROA

UMETAKO IRUDIETATIK HASITA, HAMAIKA GOGOETA ERAGIN DUTE BERTSOLARIEK

BADIRA URTE BATZUK BERTSOEK EASO PLAZA KONKISTATU ZUTELA. ETA ATZOKO JAIALDIA IRABAZITAKO LEKU HORREN ERAKUSGARRI IZAN ZEN. PLAZA BETE BAT, EGUZKIZALEAK ALDE BATEAN ETA ITZALZALEAK BERTZEAN, GUZTIAK BERTSOZALEAK ASETZEKO MODUKO SAIOA JARRAITZEN. KANTUAN, UNAI AGIRRE, UNAI GAZTELUMENDI, ALAIA MARTIN ETA AITOR SARRIEGI.

Inaxio Usarralde gai-jartzailea umetako Donostiaz galdezka hasi zitzaien bertsolariei, ea Aste Nagusiari lotutako zein oroitzapen dituzten jakin nahi izan zuen. Unai Gaztelumendik zintzo aitortu zuen: «Añorga eta Donostia gertu daude, baina gutxitan pasatzen ginen Antiguako tuneletik». Hondartza gutxi zapaltzen zuen, hortaz, Unai txikiak, eta apenas ezagutzen zuen Donostia. «Hazitakoan ibili gara, baina umeak bezala», azaldu zuen.

Hernani ere hurbil dago hiriburutik eta 15 urterekin etxera oinez bueltatzen zela gogoratu zuen Unai Agirrek. Zera gaineratuz: «Orain berdintsu egingo bagenu, alde ederra genuke».

Giro polita sortu zen Easo plazako bertso jaialdian. Jende aunitz bildu zen. Eguzkiak gogoz jotzen zuen eta zaleenak kiosko aurrean jarritako aulkietan eseri ziren, txapelarekin edo oihalen batekin babestuta. Gainerakoek inguruko zuhaitzen gerizetan sakabanatuta aditu zituzten bertsoak, urrunago baino freskoago.

Zertarako aktibatu?

Hurrengo gaia sakonagoa izan zen: «Herritarrak aktibatu behar dira. Zer esan nahi du horrek?», jarri zien abiapuntua Usarraldek Unai Agirre eta Aitor Sarriegiri. «Zeinek eta nola eskatzen duen ohartzen al gara?/ Aktibatu nahi gaituzte baina bakoitzak bere aldera», erantzun zuen lehenak bizi. Bigarrenak norbanakoen gizarte batean bizi garela eta bakoitzak bere huraxe nahi duela oroitu zuen. Eta Unaik, baikor, Euskal Herria ez dela aktibazioaren adibide txarra erantzun zion. Auzolana eta elkartasuna izan direla, baina orain dena erakundeen esku utzia dugula erranez segitu zuen Aitorrek. Gaurko garaira egokitzeko beharraz ohartarazi zuen hernaniarrak eta, positiboago, garai batean Aste Nagusian ez zela bertsorik eta saio hau bera aktibazioaren adibide dela aipatu zuen beasaindarrak.

Aktibaziotik gehiegi aldendu gabe, bigarren uda enpresa berean lanean daramaten bi bekadunen lekuan jarri zituen gai-jartzaileak Alaia Martin eta Unai Gaztelumendi. Oraindik ez die deus erran nagusiak eta ez dakite lanean jarraitzerik izanen duten. Nagusia publiko artean zen, gainera. Belarriak gorri-gorri jarri zizkioten. «Hortxe gabiltza etorkizuna eskutan ezin jaioan/ masterra atera dugu kafearen garraioan», ekin zion Oiartzungoak. Goxatu nahian azukre doblea botatzen dio añorgarrak. Alaiak zalantza du: «Segi behar dira bere desio, keinu eta begi kliskak/ ez dakit bota bi azukre puska edo zianuro pixkat».

Lagunak beren enpresa sortzea proposatu zion. «Festa hauetan hartua dugu pirata izena/ ta ze pirata klase da, Alaia, nagusiak dituena?».

Aitor Sarriegik Txapelketa Nagusian ezagun egin zuen doinuan kantatu zuen. Arrantzale erretiratu bat da eta badoa erreskate lanetan laguntzera. Bidean zera pentsatzen du: «Barkuan hartuko ditut, nere erara babestu/ ta dagokien lekuan lehorreratu, aurkeztu/ baina gero han daukate, zai bizitza hain estu/ gizartea ez baitago dirudien bezain prestu/ nahiz eta etorkizun bat hauek guztiek amestu/ ez dut uste daukatenik nahiz ta horretan sinestu/ etorkizuna ez dago norberaren esku/ baina ahalegintzen denak zer galdurik ere ez du».