ZIRIKAZAN

Atarian

Ikasturte berri honen atarian, etxez aldatuta nago, eta auzoz eta ingurunez. Ez dira berriak niretzat, ezagun nituen aurretik ere, baina orduan ni beste bat nintzen, barrutik, eta auzoa eta ingurunea ere bai, kanpotik (ikusteko daukat betiko izaerari eusten ari zaion ala gentrifikazioak borroka irabazita duen…). Dena aldatzen da, zenbait gauza poliki eta beste batzuk ziztu bizian; eskuarki, barrukoak astiro, oso, eta kanpoaldeak bizkor, sekula baino bizkorrago. Hala behar du, bizitza benetan bizia etengabeko eraldaketa baita, nahiz eta norberaren baitako zein munduko norabide berriek, batzuetan, errefus hutsa besterik ez eragin. Hala bada ere, ez da ezer gertatzen: beti dago berriz aldatzeko aukera. Saiatzekoa, behintzat.

Bada, aldaketa ororen alderdi positiboari atxikita eman nahi diot hasiera ikasturte berri honi. Pentsatu eta sinetsi nahi dut gure jendartean ditugun hainbat eta hainbat auziri buelta emateko udako etenaldiaren aurretik egindako lan eskergaren fruituak jasotzen hasiko garela, guk geuk eragindako mugimendu horren guztiarenak.

Gure eskuetan ditugula, jakingo dugula denon artean fruituok nola heldu, eta nola baliatu biderka daitezen, barreia daitezen, usteltzen utzi barik, ez gure aldetik ez erabaki politikoak hartzen dituztenek hala behartuta. Pentsatu eta sinetsi nahi dut, eta zuongan uste bera eragin edota indartu, ikasturte hau hasiko dugula umetan bezala, ilusio harekin: zer kontu ezezagun ikasiko dut, nor ezezagun ezagutuko dut, zer aukeratuko dut nire denbora eta energia berari eskaintzeko, nola egongo naiz, egongo gara, beste urtebete barru…

Ikasturte berri hau ez da orrialde zuri bat, norberaren edota guztion istorioaren letrarik gabeko lehenengo orrialde hura. Aurretik dakargunaren segida da, beraz, behar du koherentzia eta behar du kohesioa, eta behar du ondo eginak gogoratzea eta gaizki egindakoetatik ikastea, aldatzeko, norabide egoki eta oparoak hobeto marrazteko, hortik jotzeko, ahal dela elkarren ondoan. Nahasia da-eta panorama (udan gurean nahiz kanpoan jazotako gertakizunei erreparatu badiezu, jakingo duzu urak ez direla baretu, alderantziz), larriak gertatzen ari diren asko, eta ikasturtea berria izan arren, berritik edo desberdinetik ezer ez duten jarrera, jokabide eta ekintza asko pairatzen jarraituko dugu.

Berdin dio, gu ere bueltan gara eta, jende konprometitua, solidarioa eta borrokalaria, jende indartsua.