Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

Ilusioa eta helburuak

Iaz hirugarren postuan amaitu ondoren, aurten Lehen B Mailara igoera lortzea du jomuga Eibarrek.

Alavesek eta Eibarrek ezin hobeto hasi dute denboraldia: lehena eta bigarrena dira sailkapenean launa garaipenekin, jaso baino 20 eta 15 gol gehiago sartu dituzte hurrenez hurren... Hori bai, ez dira denboraldia indartsu hasi duten bakarrak, Athletic B eta Osasuna ez baitituzte urrunegi. Baina udan egindako fitxaketak eta egiten ari diren denboraldi hasierari kontuan izanik, play-offa jokatzeko faborito nagusitzat har daitezke. Eta orain arteko berdintasuna ikusita, igandean 17.00etan Ibaian jokatuko duten partida eta bigarren itzulian Unbek hartuko duena erabakigarriak izan daitezke. «Erabakigarriak beharbada bai, baina behin betikoak ez», egin du ñabardura Ion Zabaleta Eibar taldeko emakumezko futbolaren arduradunak. «Argi dago puntuak eskuratzen dituenak asko irabaziko duela konfiantza aldetik, baina ia denboraldia osoa dugu oraindik aurretik eta aurkari gogor gehiago ere baditugu», gogorarazi du.

Ilusioa, edozein kasutan, hor dago. «Eibarren helburua goian egotea da, Lehen B Mailara igotzea». Ez da sari makala, Zabaletaren ustez, datorren urtean sortuko den maila berrian izatea. Zehazki, Lehen Mailatik jaisten direnek, play-offean kanporatuta geratzen direnek eta multzo bakoitzeko bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuek osatuko dute maila berria. «Oso maila konpetitiboa izango delakoan nago. Talde garrantzitsuak sartuko dira eta Lehen Mailaren eta Bigarren Mailaren arteko aldea gutxitu egingo da. Egun aldea oso handia da eta igotzen direnek, normalean, gaizki pasatzen dute. Erdi-mailako urrats hori ona izan daiteke». Sari potoloagoa ere, badago, zuzenean Lehen Mailara igotzea, baina Zabaletak ez du helburutzat jarri nahi. «Esan dizudana, helburua aurreko lauren artean amaitzea da. Play-offa jokatzea lortzen badugu, askoz hobe; eta play-offa gainditzen badugu... Baina zaila da eta urratsez urrats joan behar dugu».

Iaz ez ziren bigarren urratsetik urrun geratu gorri-urdinak. Egun Lehen Mailan den EDFk eta Athletic Bk baino ez zuten Liga euren aurretik amaitu. Taldea dezente aldatu bada ere, esperientzia hori baliagarria izan daitekeela uste du Zabaletak. «Fitxatu ditugun hainbat jokalari ere esperientzia handikoak dira, eta, bai, iazkoa ere baliagarria izan daiteke, bai epe luzera presioari aurre egiteko bai epe motzera ere. Alegia, partidetan suerta daitezken egoerak kudeatzeko. Lehen jardunaldian ikusi genuen; partida ona egin arren, gola sartzea kostatu zitzaigun eta Bizkerrek azkar berdindu zuen. Baina taldeak lasai jarraitu zuen lanean, garaipena lortu arte. Esperientzia garrantzitsua da halakoetan».

Proiektu osoa

Lehen taldea garrantzitsua izanagatik, ez da ez Zabaletaren kezka bakarra. Izan ere, Eibarren lehen taldea «proiektu oso baten alde nabarmena» besterik ez da. Eta klub armaginak Jordi Telletxearen taldea indartzeko egin duen ahalegina, Ion Zabaletak gidatzen duen estruktura sendotzeko egin duenaren isla besterik ez da. Izan ere, aurten bi talde gehiago sortu ditu Eibarrek (infantila eta bigarren kadetea), bost taldera heltzeko. Gainera, «datorren urtean gehiago sortzeko asmoa dago». Guztira, ehun bat jokalari dira, Futbol Eskolan diharduten neskak aparte utzita. «Ez da zenbaki kontua. Kluba konbentzituta dago, argi dauka emakumezko futbolaren aldeko apustua».

Eibarren Kirol Hiria eraikitzear den honetan, emakumezkoen taldeek Eibar, Ermua eta Berrizko zelai desberdinetan lan egin behar badute ere, Zabaleta pozik da klubaren aldetik jasotzen duten babesarekin. «Klubak baliabide guzti-guztiak eskura jartzen dizkigu: prestaketa fisikoa, atezainentzat entrenamenduak, fisioterapeutak.... Gainera, harrobiko taldeek egun bat gehiago dute entrenatzeko aurten. Babestuta sentitzen gara, lehen taldetik Futbol Eskolara, eta hori da proiektu honen etorkizuna ziurtatzeko bidea».

Astea

Jardunaldia. Derbiarekin itzuliko da Lehen Maila. Athleticek eta Realak Lezaman jokatuko duten norgehiagokak emango dio amaiera bosgarren jardunaldiari, igandean, 20.30ean.

Zigorra. Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak hiru partidako zigorra bete beharko du, Rayoren kontrako neurketan txartel gorria ikusi eta gero.

Deialdia. Naroa Uriarte eta Nerea Nevado Athleticeko jokalariak deitu dituzte Espainiako 17 urtez azpiko selekzioarekin lan egiteko, urriaren 15etik 17ra.

Izendapena. Ainhoa Tirapu AFE futbolarien sindikatuko Emakumezkoen Futbolaren Batzordeko presidenteorde izendatu dute.

Hitzarmena. Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa hasi baino lehen gelditu da, Madrilen egindako bilerak sindikatuen (AFE, Futbolistas ON eta UGT) arteko desberdintasunak agerian utzi ondoren. Bitartekari baten laguntzarekin bilduko dira euren artean datorren astean, urriaren 25ean patronalarekin, hau da, Emakumezkoen Futbol Kluben Elkartea, berriro hitz egin aurretik.

Saria. France Footballek lehen aldiz sarituko du emakume bat abenduaren 3an egingo den ekitaldian. Lehen Urrezko Baloia lortzeko hautagaiak honako hauek dira: Bronze, Hegerberg, Henry, Kumagai, Marozsan, Majri, Renard (Olympique); Horan, Sinclair (P. Thorns), Harder (Wolfsburgo), Kerr (Chicago), Martens (Barcelona), Kirby (Chelsea), Marta (O. Pride) eta Rapinoe (S. Reign).

Marka. Frantziaren kontra jokatutako lagunartekoarekin, Formiga Brasileko kamiseta jantzi duen jokalaririk zaharrena bilakatu da (40 urte eta 217 egun). Gainera, jadanik nazioarteko karrera luzeena duen jokalaria ere bada (23 urte eta 173 egun, 1995eko apirilaren 16an debutatu ondoren), Kristine Lilly estatubatuarraren marka hautsiz.

Telebista. UEFA berak antolatutako emakumezkoen txapelketak streaming bidez eskaintzeko OTT plataforma baten eratzen ari da.