GARA
BILBO

Bigarren Euskadi saria Eider Rodriguezen eskuetara, orain haur eta gazte literaturan

Euskadi Literatura Sarien irabazleen lehenengo izenak orain bi aste eman zituen Lakuako Gobernuak eta Eider Rodriguez idazle errenteriarrarentzat izan zen euskarazko kategoriari dagokiona «Bihotz handiegia» (Susa) lanagatik. Bada, bigarren sari bat ere eskuratu du edizio berberean, haur eta gazte literaturan, «Santa Familia» liburuari esker. Karmelo C. Iribarren, Kepa Altonaga eta Irene Aldasorok osatu dute atzo jakinarazitako saridunen zerrenda.

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak ezagutzera eman zituen atzo Euskadi Literatura Sarietako azken lau irabazleak, Bilboko Alondegian izandako prentsaurrekoan. Orain dela bi aste lehen hiru modalitateetako irabazleak aditzera eman ostean, atzo jakin zen Karmelo Caballero Iribarrenek jasoko duela Gaztelaniazko Literaturako saria, “Mientras me alejo” obragatik; Kepa Altonagak Euskarazko Saiakerako saria, “Patagoniara Hazparnen barrena” lanagatik; Irene Aldasorok Euskarako Literatura Itzulpenaren saria Emily Brönteren “Gailur ekaiztsuak” euskarara ekartzeagatik eta Eider Rodriguezek, bere aldetik, bi Euskadi Literatura sari jasoko dituela aurtengoan. Izan ere, atzo jakinarazi zenez, Euskarazko Haur eta Literatura saria jasoko du Rodriguezek “Santa Familia” lanagatik eta, orain bi aste iragarri bezala, Euskarazko Literatura saria ere bere sinadura daraman “Bihotz Handiegia” ipuin liburuarentzat izango da. Orduan jakinarazi bezala, gainerako lan sarituak Santos Zunzuneguiren “Bajo el signo de la melancolía” (Saiakera Gaztelaniaz) eta Yolanda Mosqueraren “La pequeña Roque (Guy de Maupassant)” (Literatura Lanaren Ilustrazioa) dira.

Datorren azaroaren 27an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura sariak, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak izango dira. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.

Epaimahaiaren ebazpena

Rodriguezen “Santa Familia” (Ikastoten Elkartea) «ausarta bezain eraberritzailea» da epaimahaiaren hitzetan, «komikiak literaturari eskain diezaiokeen maila garaiaren lagin eredugarria». Familiaren kritika zorrotza ikuspuntu originaletik landu izana eta hausnarketarako bideak eskaintzea baloratu dute, baita «konbentzionalismoaren dekonstrukzioa» egin izana ere. Rodriguezen teknika literarioa ere goratu dute: «Elipsiak erabiltzeko modua eta testuaren sintetikotasuna harrigarriki ongi kudeatzen dira hasieratik amaierara arte, ekonomia linguistikoa darion gidoi burutsu baten bidez».

Altonagaren “Patagoniara Hazparnen barrena” (Pamiela) euskal diasporarako hurbilketa dela ebatzi du epaimahaiak: «Kutsu milenaristaren aztarnak dituen istorioa kontatzen digu. Euskaldunak Ameriketan Euskal Herri berria sortzeko ibilbidean, Bilbotik Hazparnera eramango gaitu; eta Hazparnetik Argentinako Patagoniara, behin eta berriro, joan eta etorrian». Eredu literarioari begira «maisulana» dela nabarmendu dute, idazkera «samur, arin eta dinamikoa» goratuz, eta Altonaga bere jatorrizko bizkaieratik hartutako hitzak eta joskerak uztartzen «maisua» dela nabarmenduz.

Iribarrenen “Mientras me alejo” (Visor libros) «poeta barojatar baten poesia errealista» gisa deskribatu du epaimahaiak: «Narratzailea da, errealista eta erretorikarik gabea, baina sinpletasun zaila menperatzen duena eta sakontasunez irakurleak hunkitzeko lirismoa duena, isil-isilean ‘ni’-tik ‘gu’-ra joanez». Itxurakeriarik gabeko poesia, «ironikoa eta malenkoniatsua», epaimahaiaren iritziz, «mundu honetako ohiko gauez hitz egiten diguna, gizon eta emakume askoren barneko erbestealdiaz».

Azkenik, nabarmendu zuten epaimahaiak aho batez erabaki duela Itzulpengintzako saria Aldasororen “Gailur ekaiztsuak” (Erein eta Igela, Literatura Unibertsala bilduma) obrari ematea: «XIX. mendeko Yorkshireko paramoetako unibertsoa euskaraz biziarazteko, lortu du egitura konplexuak, esan nahi baita esaldi konplexu eta luzeak, erraz ibiltzea, irakurlea konplexutasunaz ohartu gabe». Irakurleak pertsonaien hizkuntza erregistro ezberdinak bereizi ahal izatea lortu izana goratu dute, baita «XIX. mendeko Yorkshire XXI. mendeko irakurleentzat gozagarri» izatea lortu izana ere.