2018/10/28

«Kokuioak» aldizkaria argitaratu du Pamielak, Joseba Sarrionandia koordinatzaile duela

Paperean ale bakarra izango du aldizkari literarioak. Kubaren eta Euskal Herriaren arteko harremanen ikerketa iturri da Joseba Sarrionandiaren iniziatibaz sortu den argitalpena. Jarraipena Interneten izango du.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
1028_kul_kokuioak

«Dagoeneko ez da sekretua. Hamarnaka urte daramatza Joseba Sarrionandiak Kuban eta aspalditik da bere kezka intelektuala Kubaren eta Euskal Herriaren arteko harremana. Gaiari heltzen dioten lan ugari argitaratu ditu Cecilia Arrozarena goitizenarekin, ‘El Roble y la ceiba’ edo ‘Los vascos en la guerras de independencia de Cuba’, kasu».

2016an hartu zuen Joseba Sarrionandiak Habanako Unibertsitateko euskal irakurletzaren ardura eta bere asmoa agertu zion Pamiela argitaletxeari: modu sistematikoan Euskal Herriaren eta Kubaren arteko kontaktua eta harremana bere lanetako bat izango zela unibertsitatean. Hartara, aldizkari unibertsitario bat ateratzeko helburua agertu zien. Pello Elzaburu editoreak eman ditu xehetasunak. «Duela urtebete esan zigun paperean argitaratu nahi zuela aldizkari hori eta ea lagunduko genion. Izena bazeukan dagoeneko. ‘Kokuioak’. Gaztelaniako hitzetik euskaratutako elea da. Ipurtargi antzeko intsektu bat da, Kuban dagoena».

«Euskal-kubatar ikerketa aldizkari» horrek –halaxe du azpititulu argitalpen literario berriak–, ordea, aurrekontu mugatua dauka. «Ikusten genuen ezinezkoa izango zela sei hilabetekari bat edo urtekari bat paperean argitaratzea. Paperekoa ale bakarra izango da. Liburugaixoentzat abisu bat! Kolekzionistentzat geratuko den aldizkari bat da. Baina jarraipena izango du Interneten. Webgunea ez dago oraindik martxan, baina laster abiatuko da», gaineratu du Elzaburuk.

Anitza

Aldizkariak izaera anitza duela defendatu du Elzaburuk, «unibertsitateko aldizkari bat izateko oso heterodoxoa da». Badu literatura, badu anekdotarioa, baditu dibulgaziozko testuak... Eta lan filologoagoak ere. Sarrionandiak berak egindako aurkikuntza bat, esaterako. «XX. mende hasierako gutun batzuk dira, Kuban zeuden hazpandar batzuenak, Kuban gorde direnak, euskaraz idatziak, haien egoeraz mintzatzen».

Edo dokumentu historikoak. Juan Miguel Dihigo linguista eta filologoaren hitzaldi bat, esaterako. «Habanako Unibertsitateko Letren Fakultateak bere izena darama. Dihigo zuberotarren semea zen, euskal kontzientzia bazuena. Gaur egungo eraikuntza hori inauguratu zenean eman zuen lezio magistral bat eta izan zen euskarari buruz. Horrek euskaldunak kokatzen gaitu», adierazi du.

Bada besterik. «Azken urteetan kubatar asko etorri da Euskal Herrira, baina lehenagotik ere kubatarren arrastoa handia da gure herrian. Harrigarria badirudi ere, kubatarren arrastoa Euskal Herrian XIX. mendean hasten da. Badaude bizpahiru pertsonaia, eta horietako bat da Jesus de Sarria, euskal nazionalismoaren garaian pisu handia izan zuena».

Joseba Sarrionandiak irakurletza abiatu zuenetik, «ikasleekin eskolak emateaz gain, etengabeko aktibitatea izan du bere departamentuan. Hitzaldiak, hemengo jendearekin enkontruak... Beste inor baino askoz gehiago mugitu da. Eta hortik pasatako hainbat jenderen artikuluak ere badaude». Hainbat idazleren kolaborazioa izan du: Xabier Mendiguren, Koldo Izagirre, Bernardo Atxaga, Josu Landa, Edorta Jimenez, Ray Fernandez, baita Cecilia Arrozarenarena ere.